Teknologia albisteak

Berria.info berritua, 16:00etatik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
BERRIA.INFO
2010-11-04 : 15:11

Azal eta mami berriak estreinatuko ditu gaur arratsaldeko lauetan BERRIA.INFOk. Itxura erakargarriagoa eta argiagoa, batetik, eta informazio eskaintza osatuagoa bestetik. Besteak beste, Berriketan.info informazioaren inguruko euskarazko sare soziala hartuko du bere baitan. Oro har, komunikazio eskaintza osatuagoa ekarri nahi du, diseinu argiagoarekin jantzita.

Aktualitatearen jarraipena hobetze aldera, atal berriak sortu dira, hala nola, Motzean izenekoa, garapen handirik behar ez duten baina jakingarri diren albisteen eskaintza handitzeko asmoz. Informazio agenda zurrunetik bazterrera geratzen diren gaiek ere leku gehiago izango dute aurrerantzean Hara! atalean: osasunarekin, zientziarekin, Internetekin eta teknologiekin, astialdiarekin, eta, oro har, bizimoduarekin zerikusia duten berriak jorratuko dira hor. Arrantza ere egingo dugu, hau da, nolabaiteko euskarazko Interneten hemeroteka.

Sare soziala

Baina berrikuntzarik handiena Berriketan.info informazioaren inguruko euskarazko sare sozialaren txertatzea da. Aurrerantzean informazioaren lanketan kazetariek herritarren laguntza gero eta gehiago beharko dutela aintzat hartuta egin da aukera hori; hots, kazetariak informazio sortzaile baino bideratzaile rola izango duela pentsatuta. Funtsean, irakurle/erabiltzaileei arreta jartzea da helburua, eta informazioa haien parte-hartzearen bidez eta haiekin elkarrizketan sortzea.

BERRIAk eta Hitzek abiatutako elkarlanaren ildotik, komunikabide horietako kazetariak izango dira batetik Berriketan.info-ko kideak. Baina horrez gain, euskarazko komunikabideen arloan, euskarazko kazetaritzan, eta, oro har, Interneten euskaraz ari diren guztien bilgune izan nahi du eta eragile horien denen kidetza lortzeko bokazioz jarri da martxan. Eta, bereziki, informazioa euskaraz jaso nahi duten herritar guztiena.

Hitzetako webgunean ere aldatuko dira bihartik aurrera. Diseinu eta eduki aldetiko eskaintza hobetzeko asmoz ez ezik, tresna bera herritarrengana hurbiltzeko asmoz egin da aldaketa hori ere. Izan ere, herri informazioa landu nahi duten herritar eta eragileei hartarako tresna eman nahi zaie sareko Hitza-ren proiektu berriaren bidez.

Erantzun

Sartu