Teknologia albisteak

Laneki Hiztegia, euskarazko lehen online hiztegi teknikoa Lanbide Heziketarako

Erabiltzailearen aurpegia
Laneki
2010-11-14 : 11:11

LANEKIk, Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko Elkarteak (IKASLAN Gipuzkoak, IKASLAN Arabak, IKASLAN Bizkaiak, LHko Ikastetxe Publikoen Elkarteak, eta HETELek osatzen dutenak), Laneki Hiztegia aurkeztu du. Lanbide Heziketarako eta arlo tekniko eta profesionalerako berariaz sortu den euskarazko lehen online hiztegia da Laneki.

Hiztegia teknologia berrien aldeko apustu garbiaren emaitza izan da. Ekinean hasi aurretik, hamar urte eman dira lanean, eta, ibilbide horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan da.
“Hiztegiak 5.600 kontzeptu inguru hartzen ditu barnean. Terminoei dagokienez, euskarazkoak 5.900 dira, eta gaztelaniazkoak 5.600. Aipatutako terminoei lotutako kontzeptuak, bestalde, 129.359 dira”.

Laneki Hiztegiaren abiapuntuak Lanbide Ekimena proiektuko material elebidunak izan ziren. Aipatutako proiektua LANEKI elkarteak abiarazi zuen 2001ean, LHko materialak euskarara itzultzeko eta erabiltzaileei aukeran eskaintzeko, www.jakinbai.com webgunean, hain zuzen. Itzulterm zerbitzuaren bidez, bi hizkuntzetako hiztegia eta testuinguruak automatikoki atera ziren, familiaz familia, Lanbide Ekimena proiektuko zenbait materialetatik, eta, gero, ateratako guztia eskuz lantzeari ekin zitzaion, familia bakoitzaren terminologia egokia jorratzeko. Ildo horretan, bestalde, aipatzekoa da Itzulterm zerbitzua Elhuyar Fundazioaren I+G unitateak sortutako ELexBI erremintan oinarritzen dela.

Lanbide Ekimena proiektuak azken urteotan sortutako materialari buruzko informazio interesgarria eskaintzen du Hiztegiak. Hona hemen adibide batzuk: gaztelania-euskara termino-pareak, horien sinonimo eta testuinguru elebidunak, eta zer lanbide-familiatakoa den eta zer materialetan azaltzen den termino bakoitza. Gainera, estekaren bidez, euskarazko terminoaren jatorrizko testuingurua ikus daiteke, kasuan kasuko materialean.


Honako lanbide-familia hauek prozesatu dira: administrazioa, elektrizitatea eta elektronika, informatika, irudi pertsonala, komunikazioa, irudia eta soinua, autopropultsioko ibilgailuen mantenimendua, fabrikazio mekanikoa, eraikuntza eta obra zibilak, ostalaritza eta turismoa, egurra eta altzariak, ekoizpen-arloko mantenimendua eta zerbitzuak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak, komunitate-zerbitzuak.

Interneteko kontsulta-sistemak hainbat irizpideren araberako bilaketak egiteko aukera eskaintzen dio erabiltzaileari, www.jakinbai.com plataformaren bidez. “Adibidez, termino jakin bat bila daiteke termino guztien zerrendan, testuetan, hiztegi osoan edo familia jakin batean”.

Laneki Hiztegiak tresna dinamiko eguneratua izan nahi du. Horretarako, etengabe hornituko da, itzulpen-memoria berrien bidez, eta kontzeptu eta testuinguru berriak erantsiko zaizkio.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago