Bortxaketen biktimak identifikatzeko artikuluen aurka
Albisteen horikeriak indarkeria gutxiesten du eta, horregatik, zilegizatu ere. Urriaren 29ko Berria.info-k honelako albistea dakar: "Emakume bat hiru aldiz bortxatu dute Tafallan". Ez dut paperezko egunkaririk erosi eta, beraz, ezin esan Interneten arintasunak dakarren okerra izan den edo Berriak egin barik duen eztabaida ote den.
Berria.info-k oinarrizko datu bi faltsutzen ditu. Lehenengo eta behin, aipatzen duten bortxaketa "hilabete hasieran" gauzatu zen. Hortaz, zergatik da albiste? Andrelan elkarteak hori gaitzesteko manifestazioa deitu duela, biharko (urriaren 30erako, ulertzen dut). Elkarrateratze horiek emakumeen aurkako indarkeriaren isiltasuna apurtzeko, zilegitasunik ez dezan izan eta, ondorioz, inpunitaterik ere ez.
Bigarrenik, Berria.info-k albistearen subjektua faltsutzen du. Legeak salatutako lagunen ohorea zaintzen du eta egoki deritzot. Erasotzailearen inguruko daturik agertuko balitz, beste erasoak ekiditzeko helburuarekin bakarrik izan beharko litzateke. Berria.info-k, ordea, biktima identifikatzeko zenbait datu ematen du: nongoa den, esaterako. Gainera, bere ohorean eragin zuzena duten elementuak ere zabal azaltzen ditu: bortxatu zutela (horixe dakarren estigma sozialarekin), zenbat bider (ondorio legalik badu, ala?), zergatik zegoen erasotzailearen etxean (bortxatzaileak erabiliko duen justifikazioa, ziur), kalera biluzik atera zela (argazkirik balego, arren, Berria.info-ra bidaltzeko deia ote?), etab.
Hortaz, albisteak emateko moduak gizartean duen eraginaz jabetuta, Espainiako Público egunkariak indarkeria sexista tratatzeko dekalogoa osatu du. Berria.info-k dekalogo horren hainbat puntu urratzen duen trataera eman dio albisteari. Zergatik?
- "Indarkeria sexista ez da gertakaria, gizarte arazoa baizik. Horregatik, ez diogu lehenengoaren trataerarik emango. Ez dugu argazkirik edo detaile morbosorik argitaratuko."
- "Ez dugu inoiz biktimarik identifikatuko, ez eta haiei edo haien ingurukoei kaletrik egin diezaiokeen daturik ere ez."
- "Erasotzaileen errugabetasun-presuntzioa errespetatuko dugu. Zigor-epaia kaleratutakoan, egoki identifikatuko ditugu, zigorra nabarituko dugu eta izenburuan aipatzen ahaleginduko gara."
- "Ez dugu inoiz justifikaziorik edo arrazoirik bilatuko (alkohola, drogak, eztabaida...). Indarkeria sexistaren arrazoia gizon jakin batzuek haien bikotekideen aurka eragin nahi duten kontrola da."
Erantzunak kargatzen...