Teknologia albisteak

Musukatze jendetsurako deialdia Bartzelonan, Aita Santuaren bisita dela-eta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-10-28 : 11:10

Benedikto Aita Santuak Bartzelona bisitatuko du datorren azaroaren 7an, eta bisita horren aurrean musukatze homosexual jendetsua egiteko deialdia zabaldu dute sarean. Queer Kissing Flashmob deitu diote.

Gure atsekabea adierazi nahi dugu baina ez biolentziaren bidetik, baizik eta pasioaren, sentsualitatearen eta maitasunaren bidetik.

Katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez idatzitako instrukzioetan protesta baketsua egiteko deialdia egin dute sarean antolatzaileek:

  • Pankartarik ez
  • Banderarik ez
  • Oihu eta aldarrikapenik ez
  • Musuak bakarrik

Eskubide sexual eta afektiboen borrokaren aurka aspaldidanik lan egin duen erakunde baten ordezkari gorena dator Bartzelonara, eta pentsatu dugu gure desorosotasuna adieraztea.

Mutilen arteko eta nesken arteko musuak nahi dituzte, eta beraz deialdia egiten dute bakoitza bere sexu bereko pertsona batekin joatea ekitaldira. Baina deialdia ez dago homosexualei bakarrik zuzendua: "maitatzeko modu desberdinekiko begikotasuna" duen orori irekitzen diote deialdia.

Aita Santua Katedraletik irten eta Papamobilera doala soinu batek abisu emango du partaideak musuka hasi daitezen, eta beste soinu bat musuak amaitzeko. Musuak bukatuta, era baketsuan, isilik eta "probokazioetan erori gabe" alde egiteko deialdia zabaldu dute.

Deialdia

Data: 2010eko azaroaren 7a, igandea

Ordua: goizeko 9etan

Tokia: Katedralaren Plaza (Bartzelona)

Facebookeko orrialdea ezabatu diete

Twitterren esan dutenez Facebook orrialdea ezabatu diete, baina berria egin dute. Horrez gain bloga ere badaukate. Zabalkundea egiteko Facebooken dago ekitaldiaren informazioa.


Irudiaren jatorria: Promoziozkoa: Queer Kissing Flashmob (Facebook)

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu