Teknologia albisteak

"It's the economy, stupid"

Erabiltzailearen aurpegia
IMH
2010-10-15 : 10:10

Hizkuntza-kudeaketa 30+10 mintegiaren 5.edizioa urriaren 21ean burutuko dela eta, gogoeta egin dugu mundu ekononomizistan hizkuntza-kudeaketak bilatu beharreko tokiaren inguruan eta bide batez informazioa helarazi mintegian azalduko diren aurtengo 13 hitzaldiei buruz. Lelo hori ("It's the economy, stupid") erabili zuen 1992 urtean Bill Clintonek AEBtako presidentetza lehen aldiz lortu zuen hauteskundeetan. Bien bitartean, Bush aitak uste zuen Golkoko gerraren bitartez piztuko zuela herritarren nazionalismoa eta horrela lortuko zuela gehiengoaren atxikimendua.

Ziur gara Clinton eta Bushen aholkularien artean izango zela soziologia ikasitakoren bat, baina azken horrenak ez zituen lehen mailan ikasitakoak birpasatu eta ahaztuta zituen gizarte industrialaren oinarrizko ezaugarriak. Teknologia eta industriaren antolaketa berria, lanaren banaketa, garraioak hobetu eta merkatuen hedadura... garrantzi handiko gakoak izan baziren ere, azken bi mendeetan garatu den gizartearen ezaugarri giltzarria da: pentsamolde ekonomizista hori gizartearen gainontzeko arloetara zabaldu dena. Zeren nahiz eta eraldaketa prozesu batean gauden, oraindik ere industrializazioko balioak indar handia dute gure gizartean. Gizartea eta gizabanakoak bihurtu dira inoiz baino gehiago arrazionaltasuna, kalkulua, ordena, diziplina, ordukotasuna eta arrakasta zaleak.

Tokian tokiko hizkuntza komunitateen eskubideak babestu nahi ditugunok Clintonen ikuspegia garatu behar dugu, ekonomiari lehentasuneko lekua eman gure estrategietan. Era berean, dagoeneko hizkuntza-kudeaketa enpresetan txertatzearen alde egin dutenek haien taktikak garatzean ere ikuspegi ekonomizistari erreparatu behar diote. Izan ere, egungo gizartean bakarra da jende gehiena mugiarazten duen gakoa: zerbait egin edo ez egitearen irabaziak edo galerak ikustaraztea. Eta bi dira irabazi-galera horietan eragiten duten eragile nagusiak: bezeroaren eta agintarien nahia. Ezinbesteko zaigu horiek nabarmendu eta ikusgarri egitea.

Besteak beste, gai garrantzitsu horietaz arituko gara 30+10 Mintegian. Urriaren 21ean, Elgoibarko IMH-Makina Erremintaren Institutuan garatuko den jardunaldi honek 5 urte beteko ditu , eta urtean zehar enpresetako hizkuntza-kudeaketan emandako aurrerapusoen berri izateko aukera da. IMH, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak aurten antolatutakoan 13 ponentzia aurkeztuko dira, ondoren deskribatuko dugun bezala.

Agintariek haien iritziz eta esperientziak azalduko dizkigute. Batetik, Lurdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, egingo du sarrera-ekitaldia; eta, bestetik, GFAk erabilera sustatzeko programen berri emango du.

Enpresei dagokienez, Euskaliteko Galder Lasuenek Bikain ziurtagiriak 3 urtetan egin duen ibilbidearen erradiografia egingo du, eta Danobateko Ainhoa Fernandezek, berriz, 10 urte bete dituen euskara-planarena. CAFeko Joxe Begiristainek ere egindako ibilbidearen emaitza den hizkuntza-politika berria aurkeztuko du, Eroskiko Iratzeder Mendikutek garatu duten adierazle-sistema azalduko du, eta JEZ Sistemas Ferroviarioseko Igor Quincocesek bost hizkuntzatan garatu duten kalitate sistema. Horiekin batera LANGUNE elkartearen aurkezpena egingo du Andoni Sagarnak, hau da hizkuntzen inguruan aritzen diren enpresek sortu duten elkartearen berri emango du.

Ikuspegi teorikoari tarte berezia emango diogu aurten, eta denbora gehiago eskainiko. Batetik, EIZIE itzultzaileen elkarteko ItzulBaitako arduradun den Bego Montoriok Eleaniztasuna, Enpresa eta Itzulpenaren arteko loturez arituko da, eta Emun aholkularitzako Joxpi Irastortzak motibazioaren gainean garatu duen doktore-tesia aurkeztuko digu.

Horietan gain, beste hiru praktika on ere aurkeztuko dira: AEK eta Maquelsa/Konica Minoltak nola landu duten fotokopiagailuen softwarea euskaraz; IMHn ezarrita dagoen IP telefonia bidezko zerbitzu eleanitza, eta, Lanbide Heziketari leku berezia eginez, Oarsoaldeko Don Boscoko ikasleekin praktikak euskaraz egiteko aurten garatu den proiektuaren emaitzak.

Amaitzeko, ia ordubeteko mahai-inguru antolatu da hizlarietako batzuekin, eta borobiltzeko, amaiera ekitaldia eta luntxa Makina Erremintaren museoan. Interesa duen orok du aukera aurrez izena emanez gero. Bi aukera: telefonoz, 943744132, eta www.imh.es webaren bidez.

Mintegiaren bosgarren urte honetan esperientziak irakatsi digu enpresako hizkuntza-kudeaketaren inguruan lan egitea egingarria dela, ezagutu ditugun kasuak azaldu digutenari erreparatuz. Beraz, beste egungo AEBko presidentearen hitzak berriro hartuz "yes we can".

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu