Behe Bidasoa eskualdean bere seinalea hedatzen duen Antxeta Irratiak (90.5 FM) heldu den otsailaren 14an hamar urte beteko ditu. Horren karietara entzule, laguntzaile, langile eta sortuko diren bidelagun berriekin urtemuga ospatzeko xedez plangintza berezia martxan jarriko dute.
Antxeta Irratiak bere 10. urtemugaren ospakizunen helburuak azaltzeko irratiko koordinatzailea Aitziber Zapirain, Hendaiako auzapez Jean-Baptiste Salaberri eta Euskara auzapezorde Jean Mixel Berrak prentsaurrekoa eman dute aste honetan, irratia laguntzen eta sustatzen duten hainbat elkarte eta eragileekin batera.
Horiek horrela, duela hamar urte Gure Irratia eta Pausumedia elkarteen ekimenez Behe Bidasoa eskualdean esparru komunikatiboa euskalduntzeko xedez sortu zen Antxeta Irratia. Eta horrenbestez, "hamar urte hauetan euskaldunek euskaraz informatuak izateko eta komunikatzeko duten eskubidea bermatzeko lan egin dutela nabarmendu du Aitziber Zapirainek.
Hasiera urteetan oinarriak finkatu eta gero, urteotan irratia profesionalizatu egin da. Eta dagoeneko komunikazio proiektu egonkorra da. Izan ere egun osoko programazioa eskaintzen du. Zapirainek azaldu duenez, "70etik gorako laguntzaile sarea, irrati-tailerrak eta formakuntzak eskaintzen ditu Antxeta Irratiak, eskualdeko eragile eta elkarteekin harremanak landu eta ekimenak sustatzen ditugu, Europa mailako harreman sendoak eraiki ditugu, lana gogoz egin dugu".
Hamarkada luze horrek eman duena, hortaz, ez da gutxi izan. Baina etorkizuna eraikitzen segitzeko Antxeta Irratiak langileak, laguntzaileak, entzuleak eta eragileak bildu nahi ditu ikasturte honetan zehar antolatuko dituen ekintzetan. Hala, hamargarren urtemugaren karira `Entzun, esan, adierazi!´ izeneko kanpaina abiatu dute, komunikazioa horrela ulertzen dutelako. "Beste era batera esanda", azaldu du Antxeta Irratiko koordinatzaileak, "irratia entzun, guztiok entzun dezakegun arren, esateko, komunikatzeko, eta, bereziki, adierazteko aukera gutxi izaten dugu. Eta hori baino ez da, edo hori guztia da, Antxetak egiten duena; herritarrek, eragile sozialek, elkarteek, komunikabide arruntetan lekurik ez daukatenek komunikatzeko eta adierazteko lekua izan dezaten lan egin. Horiekin guztiekin egiten baitugu Antxeta posible".
Zentzu horretan, Antxeta Irratia elkarte bat da, elkarte gisa antolatu eta lan egiten duena. Horren harira, Antxeta Irratia irrati elkarteen hainbat sareetan ere parte hartzen duela nabarmendu du Zapirainek. "Ipar Euskal Herrian Euskal Irratiak Federazioaren kide da; Euskal Herri mailan, Arrosa Sareko kidea; eta horrez gain, Europa eta Munduko beste 4.000 irrati saretzen dituen AMARC (Association Mondiale des Radios Communautaires) erakundeko kidea da ere".
Baina Antxeta Irratia ospakizunetan badago ere, hamar urteetako ibilbidea gorabeheratsua ere izan da. Koordinatzaileak onartu duenez, "ezin dugu esan dena perfektua izan denik". Antxeta Irratiak euskarak bezala sendotzeko beharra baitauka, oraindik orain. "Egia da, Antxeta Irratia gogoari dagokionez, eta inplikatzen diren pertsona eta kolektibo guztiei dagokienez, proiektu sendoa dela; ez da sendoa, aldiz, egonkortasun ekonomikoari begiratzen badiogu", azaldu du.
Horiek horrela, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak hasiera hasieratik Antxeta Irratiaren proiektua sostengatu duela onartu arren, sostengu hori blokeatu egin dela salatu du Zapirainek. Izan ere, 2001 urtetik 6.000 euroko dirulaguntza jasotzen baitu irratiak urtean. "Hori gure aurrekontu osoaren %5a baino ez da, eta Hondarribia, Irun eta Hendaiako udalei laguntza berrikus zezaten galdegin badugu ere, gaurko egunez, ez dugu erantzun onuragarririk jaso".
Hala, Hendaiako Herriko Etxeak irrati elkarte honekin bat egin duela aintzat hartuta, eta Jean-Baptiste Salaberri auzapeza Bidasoa-Txingudi Partzuergoko lehendakaria denez, Antxeta Irratiak merezi duen sostengua jaso dezan galdegin du irratiko koordinatzaileak.
Bien bitartean, Jean-Baptiste Salaberri auzapezak Antxeta Irratia osatzen duten entzule, langile, laguntzaile eta partaide guziak zoriondu nahi izan ditu irratiaren hamargarren urtemuga dela eta. Era berean, Antxeta Irratiak irrati gisa egiten duen lan komunikatiboaz gain, "jende andana biltzeko gaitasuna" duenez, bestelako ekarpena ere egiten duela nabarmendu du auzapezak. Bere esanetan, "Hendaiako beste elkarteekin batera lan egiten du, Denentzat Zentro Sozialarekin irrati tailerrendako abiatutako elkarlana horren adibide bat besterik ez da".
Antxetak egiten duen ekarpena txalotu beharra dagoelakoan dago, aldiz, Jean Mixel Berra Euskara zinegotzia. "Gaurkotasun orokorreko gaiak zein gertukoak euskaraz lantzearekin batera, xiberotarra, napartarra, gipuzkera edota lapurtarra bezalako euskalkiak gure belarrietan bermatzen du ere". Horiek hala, proiektu komunikatibo gisa euskara bultzatu eta sostengua ematen dion heinean luzez horrela lan egin ahal izatea desiratu du.
Irratiak egin ibilbidea ospatzeko eta aurrera begira dituzten erronka guztiei indarrez heltzeko, datozen hilabeteetan guztion agendan egon nahi dute. Eta horregatik izaera ezberdineko ekimenak antolatuko dituzte. "Gure asmoa hamar urteetan irratiaren parte izan direnekin batera egitea da, eta, era berean, bide hori baliatu nahi dugu bidelagun berriak egiteko", azaldu du Aitziber Zapirainek.
Hurrengoak dira martxan jarriko dituzten ekimenak, beste batzuen artean:
Erantzun
Sartu