Teknologia albisteak

Plazan alkartuko gara

Erabiltzailearen aurpegia
Bizkaiko Bertsozale Elkartea
2010-10-09 : 13:10

Plazan alkartuko gara. Horixe aurtongo Bizkaiko Bertsolari txapelketaren leloa. Domekan, urriaren 10ean, hasiko da txapelketea Mungian eta abenduaren 18an izango da finala Barakaldoko BEC erakustazokan.

Unai Iturriagaren berbak erablita, bertsolariak beti izan dau plaza eta plazak beti emon dau zalea, eta zaletik etorri da bertsolaria, eta zirkulua bueltaka hasten da bapatean baina inoiz ez ezerezetik. Jende askoren lana dagoalako bapatekotasunaren atzean.

Bakarrik ez. Ez gagoz bakarrik. Eta ez gara plazan gabizen bakarrak. Guk berba ipinten dogun lekuan ipinten dabe beste batzuk kolorea, erritmoa, doinua.... Bat egiten dogu batzutan eta horma berean errimetan dogu, edo erritmo berean inprobisetan edo doinu berean pentsetan dogu.

Bapatean.

Bapatean kolorea ipinten daben horretakoa da Garikoitz Arregi graffitigilea eta berak egin dau txapelketako irudia. Bat-batean erritmoa ipinten, ostera, Aitor Etxebarria El Txef A DJa ibilten da. Berak egin dau txapelketako sintonia.

Plazan alkartuko gara bai, eta baita interneteko plazan be. www.bizkaikotxapelketa.biz helbidean topauko dozue-eta txapelketaren ganeko informazino oso eta eguneratua. Bizkaiko Bertsolaritzaren plaza izatea da oraingoan ere helburua eta horretarako PLAZA izeneko sare propioa sortu dogu bertsozaleek euren bideo, argazki etabarrak plazaratzeko, beti ere Bizkaiko bertsogintzagaz lotutakoak. Oraingoan be Antton Alberdik egin dau webgunearen diseinua.

Saioetako sarrerak eurak be internet bidez be salduko dira. Txapelketako webgunetik bertatik erosi leikez edo zuzenean www.bertsosarrerak.eu webgunean. Eta zelan ez, ohiko moduan lehiatilan be bai.

Eskualdeetako Txapelketetan moduan gure telebista berezia izango dogu webgunean. Kopla Barik tb. Oraingo honetan ganera barritasunakaz.

Transmisinoak be atal propioa izango dau. Hezkuntza arautuko zein bertso-eskoletako mogimenduak zuzenean eragiten daulako plazetan eta txapelketan. Eta zelan ez, bertsolaritzaren katerik eten ez daiten, funtsezkoa da transmisinoa.

Facebook eta twitter-en ere izango da txapelketa beste era batera jarraituteko aukerea.

Beraz, datorren domekan, urriaren 10ean, Mungiako Olalde aretoko PLAZAN ALKARTUKO GARA.

Erantzun

Sartu