Teknologia albisteak

Jon Maiaren "Apaizac Obeto" dokumentala

Erabiltzailearen aurpegia
Orio Produkzioak
2010-10-10 : 12:10

XVI. mendeko euskal arrantzaleek egiten zuten bidaiaren erreprodukzioa da lan hau. Pasaiako Ontziolan garai hartako txaluparen erreplika bikaina egin ondoren, espedizio talde batek 6 astez arraunen eta belen bidez bakarrik nabigatuko dute lehengo euskal marinelek egiten zuten modu beretsuan. Bale eta bakailoaren arrastoaren atzetik Canadan ibili dira, nazioarteko itsas historia berridazten zuten bitartean.

Pasaiaiko Albaola itsas kultur erakundeak Apaizac Obeto espedizio berritzailearen bidez, ahalegin berezia egin zuen itsasoaren historiako pasarterik harrigarrienetako bat ezagutzera emateko: XVI. mendeko euskaldunen balearen eta bakailaoaren arrantza Kanadako Ipar Atlantikoan; arrantzaren ekintza soila gaindituko zuen itsas epopeia.

Historia hau, lur haiei Quebec edo Kanada izan aurretik, mapa zaharrenetan Nouvell Biscay (Bizkaia Berria) esaten zitzaienean abiatzen da; urtero urtero, milaka euskaldun Ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Mundu Berriaren iparraldeko ur arrotz eta urrunetara lanera abiatzen zireneko garaian.

Quebec-etik Labradorreraino, 2000 kilometro eta 41 egunetan, sei euskaldunek eta Kanadako mik' maq amerindiar batek, XVI. mendeko marinel haien azalean jartzeko ahalegina egingo dute. Baina, protagonista Beothuk izango da, San Joan galeoiarekin batera hondoratuta, Kanadako itsas arkeologoek Labradorreko ur hotzetan aurkitutako munduko balea txalupa zaharrenaren erreplika berria. Pasaian eraikitako azken euskal balea txalupa honek, nabigazio arkeologikoaren bidez, ipar ameriketako historia ofizialetik kanpo dagoen euskal arrantzale haien mende beteko arrasto garrantzitsua lanbro artetik argitara aterako du: balearen lehenengo industria, euskararen eragina, ipar ameriketako natiboekin harremanak, marinelen eguneroko bizitza,... Abentura eta historia. Zer garen ulertzeko ezinbestekoa ez ezik, itsasoa kultura eta memoria putzu sakona dela aldarrikatu nahi duen dokumentala: Apaizac Obeto espedizioa, azken balea txaluparen kondaira.

Amaitu berri den Apaizac Obeto dokumentala Jon Maia bertsolariak zuzendu eta Orio Produkzioak etxeak ekoiztu du.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu