Bitacoras Sariak espainolez hitz egiten duen blogosferako sari garrantzitsuenak dira, seguru aski. Baina bere arauen arabera, euskaraz, katalanez eta galegoz dauden blogek ere parte har dezakete. Aurten, dagoeneko iragarri dituzte behin-behineko sailkapenak. Baina euskaraz ezer gutxi dago. 20 kategoriak begiratu ditut banan-bana (2.000 blog inguru) euskarazko hautagaien bila. Zerrenda ez da oso zabala.
Bitacoras.com sarietan (oinarriak PDFan), webgune horretan erregistratuta dauden erabiltzaileek proposatzen dituzte kategoriaz-kategoria beren hautagaiak. Urriaren 20ra arte proposatu daitezke blogak.
Bitartean, hautagaitza gehien jaso dituzten webguneen behin-behineko zerrendak argitaratzen dituzte. Orotara, 20 kategoria dira.
Hautagaiak aurkezteko, esan bezala, nahikoa da Bitacoras.com webgunean izena ematea. Facebook Connect bidez ere erregistratu daiteke, oso erraz.
Bozka emateko epea amaituta, urriaren 25ean kategoria bakoitzeko 3 finalistak argitaratuko dituzte, eta hil honen 27an jakinaraziko den epaimahaiak horien artean hautatuko dituzte kategoria bakoitzeko irabazleak. Sariak urriaren 30ean entregatuko dira.
Duela pare bat urte, Lostinbilbao bideblog elebidunak irabazi zuen vlog onenaren saria. Euskaraz (ere) egindako bideblog batek Bitacoras Sariak irabazi izanak dezenteko oihartzuna izan zuen euskal blogosferan.
Aurten berriz ere deitu dituzte sariak, eta hautagaien behin-behineko zerrendak argitaratu dituzte blog ofizialean.
Banan-bana begiratu ditut kategoria bakoitzean sailkatutako hautagaiak, blog euskaldunen bila. Baina ezer gutxi aurkitu dut.
Orain arte hobekien sailkatutakoa Tokitan.tv izan da, bideoblogen kategorian. Nik neuk abian jarri dudan vloga, alegia. Eta ez dut ukatuko sekulako sorpresa hartu nuela lehenengo behin-behineko sailkapenean 6. postuan ikusi nuenean, 50 blogek osatutako zerrenda mardul batean. Bigarren sailkapenean, 11. postura jaitsi da.
Gaur, zerrendak berrikustea otu zait hautagai euskaldun gehiagoren bila. Baina euskaldunen zerrenda ez da bat ere luzea. Hautagaien artean beren edukiak euskaraz argitaratzen dituzten blog bakarrak hauek dira (2.000 blogen artean 4 besterik ez):
Horiek dira orain arte sailkatutako euskarazko 4 blogak. Guztiak eleanitzak dira. Alegia, euskara ez ezik, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dituzte. Badira euskal herritarrenak diren beste zenbait, baina ez dute euskaraz idazten.
Ez dizuet ukatuko, niri ilusioa egingo lidake Tokitan.tv edo euskarazko beste edozein blog sarituak suertatuko balira. Hautagai ugari ere proposatu dut nire erabiltzailearekin, baina bakan batzuk agertu dira, Nickdutnik kasu.
Eta zuek, ze iritzi duzue?
Euskal blogosferaren ikusgarritasuna maiz izan dugu hizpide. Eta hainbat blogari euskaldun egunero-egunero ari da ahalegin horretan, bideoak azpititulatzen, edukiak zabaltzen... Gure sariketak baditugu (Euskal Blogosferaren Onena, adibidez), baina gure berezko zirkuitutik kanpo ere bilatu behar al da bisibilitate hori?
Merezi du Bitacoras Sariak bezalako ekimenetan parte hartzeak?
A ze sorpresa! Ez nekien nire bloga halako zerrendan zegoela, Twitterrena ere txiripaz jakin nuen.
Aitortu behar dut ez naizela oso blogari aktiboa, eta zerrenda horretan banago bi arrazoi nagusigatik dela esango nuke:
1. Elebiduna da
2. Twitter sarean oso aktiboa naiz
Ez dut uste euskaldunak direnik bisitari gehientsuenak.
Bide batez, aurten #ikaseus hashtaga erabiliko dut euskara ikasteari buruzko estekak edo ideiak bereizteko. Inor animatuko balitz (@bontxi eta @euskaljakintza dagoeneko hasiak dira erabiltzen), bilaketa dinamiko polita eragin dezakegu euskararen i(ra)kaskuntzan gabiltzanok.
Mila esker aipamenagatik, beste behin!