Euskaraz egiten duten bezeroek sariak eskuratzeko aukera dute Elorrion
Gurien euskaraz, jakina! kanpainaren bidez, sari ederrak jasotzeko aukera izango dute Elorrion erosketak euskaraz egiten dituztenek, azaroaren 14ra bitarte. 68 komertzio, taberna eta zerbitzu enpresa ari dira kanpaina honetan parte hartzen.
Merkataritzan euskararen erabilera handitzeko kanpaina martxan jarri du Elorrioko Udalak Elhuyar Aholkularitzarekin batera: bezeroak sarituko dituzte euskaraz egiteagatik.
Elorrioko komertzioetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartela emango zaio, bertan, bere datuak idatz ditzan. Ondoren, txartela komertzioan topatuko duen kutxatxoan sartu eta, horrela, abenduaren 3an, Euskararen egunean egingo den zozketan parte hartuko du.
Merkatarien aldetik jasotako erantzuna oso ona izan da, izan ere, herriko 37 komertziok, 15 tabernak eta jatetxek eta 16 zerbitzu-enpresak parte hartuko dute proiektu honetan. Gainera, merkatari bakoitzak emandako produktuekin osatuko dira zozketatuko diren saskiak.
Merkatariek eskainitako oparien artean denetarik aurki daiteke:
- gaua eta gosaria herriko nekazalturismo batean
- bazkariak zenbait tabernetan
- edariak
- kontserbak
- motxilak...
Gauza bitxiak ere oparituko dira, esate baterako, lisatzen ikasteko ikastaroa edo ile-mozketak.
Sari-banaketa abenduaren 3an izango da, Euskararen egunean, Elorrioko Udaletxean.
Hainbat urte dira Elorrioko Udalak Geurien egitasmoa martxan duela, herriko arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Egitasmo horren testuinguruan kokatzen da Geurien euskaraz, jakina! sentsibilizazio-kanpaina.
Erantzunak kargatzen...