Teknologia albisteak

Sustatuk emandakoaz egunero arituko dira Bizkaia Irratian

Erabiltzailearen aurpegia
Bizkaia Irratia
2010-10-04 : 10:10

Sustatu protagonista izango da arratsaldero, Bizkaia Irratiko Berbarako irratsaio berrian. Iluntzeko zazpiak laurden gutxiago bueltan, egun horretan Sustatun argitaratutakoak batu eta erantzunik gehien jasotzen ari diren gaiak nabarmenduko dira Bizkaia Irratiak gaur hasiko duen Berbarako magazinaren baitan.

Gaur hasiko da Bizkaia Irratiko programazio berria eta arratsaldean aldaketa dezente izango dira:

  • Lauretatik seietara, Dragoka irratsaio berrian informazioa eta musika uztartuko dira, modu lasai eta atseginean.
  • Ostean, arratsaldeko seietatik zortzietara, Berbarako magazinaren txanda izango da eta Sustatuk ere bere txokoa izango du bertan, programa horren baitan komentatutko baitituzte egun horretan Sustatuk emandakoa.

Gainerakoan, Berbarako irratsaio berrian honakoak emango dira, besteak beste:

  • albisteak
  • kirol berriak
  • kultur gertaerak
  • eguraldia eta itsasoa
  • trafikoaren egoera

Euskarazko herri aldizkari eta komunikabideek ere lekua izango dute eta astearteetan bidaia exotikoen txokoa eta ostegunetan mendia izango dira protagonista.

Bizkaia Irratiko gainerako irratsaioak bezala, Dragoka eta Berbarako ere mendebaldeko euskaraz egindako saioak dira.

Dragoka eta Berbarako irratsaioekin, Bizkaia Irratiaren arratsaldeko programazioa indartuko da astelehenetik ostiralera 2010-2011 denboraldian. Athleticek astebarruan partida jokatzen duenean, hori ere zuzenean emango du Bizkaia Irratiak iluntzean, talde zurigorriaren norgehiagoka guztien moduan.

Erantzun

Sartu