Teknologia albisteak
2

Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide

Erabiltzailearen aurpegia
Lander Arbelaitz, Argia.com
2010-09-30 : 11:09

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Euskal edukiak eremu globalean jardunaldietan hartu ditudan oharrak dira ondorengo lerroetan topatuko dituzunak. Vicent Partal, vilaweb.cat agerkari digitaleko sortzaile eta zuzendariak eman duen hitzaldikoak dira denak. Ez da lehen aldiz pertsonaia inspiragarri hau gure artean duguna, besteak beste, ARGIAk antolatutako hitzaldi batean izan zen kataluniarrek .cat nola lortu zuten azaltzen. Euskaldunoi kemen eta argia ematen saiatzen da beti bere hitzaldietan. Bere azalpenak etorkizun teknologikoaren ildoak nahiko garbi ikusten dituen pertsona batenak dira, inondik ere. Hau da, kataluniarren esperientziatik abiatuta, nondik jo klabe batzuk ematen dizkigu, mundu globalizatu honetan zerbait izan nahi dugun euskaldunoi.

(Vicent Partalen hitzak jarraian)

Euskarari buruz hitz egitean, alde batera utzi hizkuntza gutxitua bezalako terminoak eta hitz egin dezagun zer egin behar den hizkuntza global bezala ikusteko.

Orain urte batzuk, hizkuntzen mailaketan ingelesa eta frantsesa zeuden goiko postuetan; ondoren zetozen gaztelera, txinera, arabea eta portugesa. Ondoren txikiago batzuk, eta azkenik gureak bezalako hizkuntzak zeuden behe-behean. Egun piramidea aldatu egin da, eta goi-goian ingelesa dago, ondoren “Google hizkuntzak” datoz eta ondoren hizkuntza ez globalak. Google hizkuntzen taldean egotea ezinbestekoa da.

Hizkuntza bat global bilakatzeko teknologia, hedabideak, goi mailako kultura eta unibertsitateko lana oso garrantzitsua da. Hizkuntzak lehiakorra izan behar du. Hala ere, ahalegin berezia jarri behar da teknologian.

Google hizkuntzen 40 hautatuen artean bazaude, Youtube-k berak ere, zure hizkuntzako bideoak beste hizkuntzetara automatikoki itzultzeko aukera du.

AEBek Hollywood dute, guk sormena.

Obrint Pas taldearen kanta batzuk zekizkiten Kroazian. Justu Myspace-ean zituztenak. Ondorioa, erabili interneteko tresnak zure mezua zabaltzeko.

Vilaweb-en, gure eduki pribatuak eremu publikoan libre jarri ditugu uste dugulako kataluniar kulturarentzat positiboa dela. Hau da, Creative Commons lizentziak gure mesedetan erabiltzen jakin behar dugu.

Millenium obrarekin izandako eztandan, Suedian globalizazioa oso ongi erabiltzen jakin dute eta beste artista batzuk sustatu dituzte Suediako nobela beltza etiketapean. “Hau gustatu bazaizu, beste autore hauek ere gustatuko zaizkizu”.

.cat domeinua lortu denetik, enpresa (handi) askok bere zerbitzuak katalanez jarri dituzte, adibidez, American Airlines-ek. Ulertu dutelako herri bat dagoela hor atzean.

Apple-k Bartzelonan ireki berri duen dendan, errotulu guztiak katalan hutsez daude, eta dendari guztiak mintzatzen dira bertako hizkuntzan. Kataluniar askok beren hizkuntzaz zuten irudi mentala aldatzeko balio dute hain enpresa handiek gure hizkuntzari egindako keinu hauek.

Google hizkuntzen artean egotea lortu behar dugu.

Hizkuntza bat ez da salbatuko Interneten indartsu dagoelako. Errealitatea etxez etxe eta kalez kale borrokatu behar da. Hala ere, Interneten indartsu egotea oso garrantzitsua da.

Euskaldunak pesimistegiak zaretela iruditzen zait askotan. Guk ere .cat lortzea ia ezinezkoa zela pentsatzen genuen, eta borroka eginez, lortu genuen.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Lander Arbelaitz, Erredakzio Mahaia, Argia.com

Erantzunak

Sustatu
2010-09-30 : 12:49

Beste pare bat tokitan ere agertu dira atzoko jardunaldiaren kronikak:


Sustatu
2010-10-14 : 15:59

Vicent Partalek Vimeora igo du Donostian emandako hitzaldia. Katalanez hitz egin zuen, eta hala ekarri dugu bideoa hona:


Les llengües en la globalizació from vp on Vimeo.


Erantzun

Sartu