Zabalik da mintzapraktika programetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea. Adin, zaletasun eta euskara maila guztietako jendeak parte hartzera dei egiten du kanpaina berriak, atera arbela kalera! lemapean.
AEK-k, euskaltegietako ikasturtea hastearekin batera, mintzapraktika programetarako kanpaina berria jarri du abian atera arbela kalera! lemapean.
Horrenbestez, 2010-11 ikasturtean mintzapraktika programa batean parte hartu nahi duten guztiek eman dezakete izena jada Euskal Herrian diren 70tik gorako egitasmoren batean.
Mintzapraktika programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Kanpaina honetan azpimarratu nahi dena zera da; euskara euskaltegitik kanpo egin eta entzun behar dugula, arbela kalera atera nahi dugula, alegia.
Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Euskal Herriko lurralde guztietako hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak.
Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! Eta berria merkeago, eta beste hainbat abantaila.
Info+ praktikatu
Erantzun
Sartu