Teknologia albisteak

Mondragon Unibertsitateak MUtelebista sortu du

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-09-29 : 13:09

Mondragon Unibertsitateak Internet bidezko telebista bat sortu du, MUtelebista, eta berau izango da Mondragon taldeko lehen telebista korporatiboa. MUtelebistak hiru atal izango ditu: asteroko erreportajeak, zuzeneko emanaldiak streaming bidez eta bideo gordailu bat. Gaur aurkeztutako erreportajeak, lehenak, ikasle berriak ditu mintzagai, unibertsitatera heldu berriak.

Telebista korporatiboa

Telebista korporatiboa

Asteazkenero eguerdietan, MUtelebistak 3 minutuko albistegiak pantailaratuko ditu, batzuetan erreportaje bakarrekoak, bestetan hainbat gai jorratuta. Noiz edo behin, bestalde, ekitaldi esanguratsuak gertatzen direnean (Komunikaldiak, Literatura astea, jardunaldiak...), MUtelebistak streaminga erabiliko du berauek zuzenean transmititzeko. Froga moduan, irailaren 6an era horretan eman zen Mondragon Unibertsitatearen 2010-2011 ikasturte hasiera ofiziala. MUtelebistak izango du hirugarren atal bat, gordailua, eta hor erakutsiko dira unibertsitateko ikasleek zein irakasleek egindako ikus-entzunezko lanak.

Hizkuntzak

Euskara izango da hizkuntza ofiziala MUtelebistan, baina eduki guztiak azpidatzita joango dira, gaztelaniaz eta ingelesez. Norbaitek gaztelaniaz hitz egiten badu, azpidatziak euskaraz eta ingelesez agertuko dira, hizlariaren ahotsa bikoiztu barik. Eta ingelesez hitz egiten duenari azpidatziak euskaraz eta gaztelaniaz ezarriko zaizkio. Hizkuntzen erabilera horrek ispilatzen du Mondragon Unibertsitatearen hizkuntza politika.

Taldea

Ikus-entzunezko komunikazioa karrera arduratuko da MUtelebista egiteaz, Idoia Astigarraga irakasleak koordinatuta. Idurre Lazkanok eramango du ardura teknikoa, eta lan horretan Itziar Irizar ikaslearen laguntza izango du, zeinek, gainera, aurkeztuko baititu albistegiak. Horien atzean erredakzio batzorde bat arituko da, hiru fakultateetako ordezkariekin.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago