Gaur arratsaldean aurkeztu dute Gernikan Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk, Alternatibak eta beste hainbat eragilek. Testuan jardun armatua "behin betiko uzteko borondatea" eskatu diote ETAri eta Alderdien Legea indargabetzea eta amnistia, Espainiako Gobernuari. Testua ekarri dugu hona.
Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa
Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa
Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide
demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.
Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako
hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:
- ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten
iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin
betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.
- Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien
jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien
aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen
dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen
direlako.
- Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota
guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota
ideologia politikoa.
- Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea,
konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako
neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka
politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:
- Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
- Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko
askatasuna ematea.
- Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei,
baldintzapeko askatasuna ematea.
- Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik
eta arbitrariotasunik gabe.
- Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia
indargabetzea.
- Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen
aurkako prozesu judizialak berraztertzea.
- Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro
indargabetzea, eta horrekin batera, inkomunikazioa bertan behera uztea.
- Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien
debeku eta neurri murriztaileak bertan behera uztea.
- Nazioarteko eragileen parte-hartzea sustatzea, giza eskubideen
urraketarik gertatzen ez dela egiaztatzeko helburuarekin.
Erakunde politiko, sindikal eta sozialok ETAri zein Espainiako Gobernuari galdegiten
diegu erabakiak eta ekimenak har ditzatela horrelako egoera bat sortzearren; alegia,
indarkeriarik izango ez dela bermatua izango den eta normalizazio politikoa
progresiboki garatuko den egoera.
Era berean, sinatzaileok uste dugu horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake
eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango dela
elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta
ondorioak osotasunean aztertzeko.
Elkarrizketa eta negoziazio politikoa dakartzan prozesu hau ondoko printzipio eta
baldintzetan oinarritu behar da:
- "Mitchell Printzipioak" deitutakoetan azaldutako konpromisoek
zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak:
- Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratiko eta
baketsuak erabiltzea.
- Alderdien arteko negoziazioaren emaitzetan edota negoziazio
prozesuaren norabidean eragiteko asmoarekin egindako
indarkeriaren erabilerari edo berau erabiltzeko mehatxuari
aurkakotasuna agertzea.
- Alderdien arteko negoziazioetan erdietsitako akordio oro
errespetatzeko konpromisoa. Era berean, akordioen alderen bat
aldatu nahi izanez gero, soilik bitarteko demokratiko eta
baketsuak erabiltzeko konpromisoa.
- Akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua eragile politiko,
sindikal eta sozialen egitekoa baino ez da izango.
- Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak
barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate
nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu
juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez,
independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa
errespetatzeari buruz.
- Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri
guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori.
Gaur egun, gizarte ereduaren erruz, emakumezkoen eta gizonezkoen partehartzea ez
da berdina; hori dela eta, emakumeek subjektu aktiboak izan behar dute konponbidean,
gatazka politikoa hurbiletik ezagutu ez ezik horren ondorioak jasan ere egiten baitituzte.
Agiri hau sinatzen dugun erakunde politiko, sindikal eta sozialok bertan azaltzen diren
postulatu guztiak geure egiten ditugu eta betetzeko konpromisoa hartzen dugu; halaber,
nazioarteko eragileei eduki hauek helarazteko eta euskal gizartean parte hartzea
sustatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, euskal gizarteak ere bere egin ditzan
postulatu hauek. Izan ere, euskal gizarteak izan behar du bermatzaile bakarra
konponbide demokratikoaren prozesuaren garapenean.
Iturria: Berria eta Gara
Gara egunkariak ETAko bi kiderekin egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar. Aurrerapen gisa, egindako galderak argitaratu ditu Garak iluntze honetan.