Teknologia albisteak

Fuera epidurala!

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-22 : 16:09

Dokumentala ari da bihurtzen zinemaldi honetako protagonistetako bat. Batetik, ziklo oso bat eskaini zaio; bestetik, bestelako zikloetan ere, gero eta gehiago dira dokumental hutsak nahiz sinbiosiak: dokudramak, teknika dokumentalak erabiltzen dituzten fikzioak... Sail ofizialean bertan, dokumentala genuen Bicicleta, cullera, poma, sasidokumentaltzat har litezke ikusteko ditugun A Jamaâ Daoud Aoula-Syad marokoarrarena eta Aita Jose Maria de Orberena, eta dokumental peto-petoa da Genpin, Naomi Kawase japoniarraren filma, erditze naturalaren laudoriozkoa.

Tadashi Yoshimura obstetriziaren Eneko Landaburu moduko bat da, urte asko daramatzana haurrek modu ahalik eta naturalenean jaio behar dutela aldarrikatzen eta praktikatzen. Eta Yoshimura doktorearen klinika da film honen ardatza: tokologoa bera agertzen da bere teorien berri ematen (bizitza eta heriotza ziklo beraren bi atal direla eta halakoak), ama izan diren edo izatekoak diren emakume asko bere esperientzien berri ematen, emaginak ere bai...

Adierazpen horiekin batera, kamera ere patxadaz eta harmoniaz ari da inguruko guztia jasotzen: amak, haien umeak, inguruko izadia, loreak, xomorroak... Lorategi japoniar baten edertasun lasaia dario Kawaseren filmari, poema taoista batek eragiten duen arintasun sakonaren sentsazioa.

Hala ere, biziaren eta naturaren aldeko jarrera ekologiko hori medikuntzaren adar guztietara eta azken ondorioetaraino eramanez gero, ez dakit ez ote geundekeen filosofia atzerakoi bezain arriskutsu baten aurrean. Dena den, ez naiz ni ur horietan sartuko.

Erantzun

Sartu