Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa, hirugarrenez

Joxe Aranzabal
2010-09-21 12:09

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) aditu tituluak dena prest dauka ikastaroaren 3. aldiari ekiteko. Hori dela-eta, triptiko bat prestatu du, informazio zabala ematen duena datorren ikastaroaren gainean, eta ireki egin du matrikulazio epea irailaren 30era arte. Ikastaroa bera urriaren 13an hasiko da, 2011ko ekainaren 1a arte. Asteazken arratsaldetan emango da, 15:00etik 20:00ra.

Matrikula

Matrikula

Matrikula egitea 2.000 € kostatuko da, hiru zatitan ordaintzeko aukerarekin. Berau bi modutan egin ahal izango da:

  • Eskoriatzara etorrita, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera. Bertan, idazkaritza zabalik egongo da goizez 09:45etatik 12:00ak bitartean eta arratsaldez 15:30etik 17:30era.
  • Matrikula orria bete, postaz gutun zertifikatu bidez bidalita helbide honetara: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa, HUHEZI. Dorleta auzoa z/g Eskoriatza 20540

Helburuak

Ikastaroak helburua du corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza, barreiatua dago-eta, eta belaunaldi gazteei transmititzea. Halaber, ikusita zelako desafioak dituen euskal kulturgintzak, bilatzen du formazio multifokala eta praktikoa egitea. Hori guztia arituek eta adituek emanda.

Beste alorretakoen eskura jarriko du, orobat, kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia partzialak. Horretarako, bi multzo harreman eragingo ditu: aritu eta adituen multzoa eta bihar-etziko eragileen multzoa, gai honetan jantzi nahi duena. Guztira 50 inguru espezialistak hartuko dute parte edizio honetan, aritu nahiz aditu moduan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu