Teknologia albisteak

Kameratoia 2010, urriaren 10ean Ermuan

Erabiltzailearen aurpegia
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2010-09-24 : 10:09

Kameratoiaren logoa

Kameratoia, Ikus-entzunezko Rallyaren 6. edizioa prest dago jadanik. Topaguneak eta Ermuko Udalak antolatu duten lehiaketa Ermuan izango da aurten, eta aldaketa nabarmenak ditu mekanikan.

Ekimena oso arrakastatsua izan da, eta parte hartzea etengabe hazi da azken bost edizioetan. Hori dela eta, seigarrena izango den aurtengo edizioak hainbat aldaketa izango ditu, ekoizpenen kalitatea hobetzeko, batetik, eta bestetik parte hartzaile gehiagok lehiatzeko aukera izan dezaten.

Aldaketak sinpleak dira: hamar ordu beharrean, lau eguneko epea izango dute lehiakideek lanak aurkezteko. Gainera, sortutako lanen iraupena ere luzatu egin da: bost eta hamar minutu bitarteko bideoak sortu beharko dituzte kameratoilariek. Aldaketa horiek lehiaketaren formatua zertxobait aldatzera behartu dute. Aurten, lehiakideek bi zita izango dute: lehenengoa urriaren 30ean, gaia eta ezaugarriak jasotzeko; eta bigarrena azaroaren 3an, sari banaketa ekitaldian. Betiko moduan, hiru sari egongo dira lanik onenentzat: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, hain zuzen ere.

Izena emateko epea zabalik

Kameratoian parte hartzeko baldintza gutxi jartzen dira: gazte euskalduna izatea da nagusiena. Hala ere, oinarriak osorik ikusi nahi izanez gero, lehiaketaren webgunean daude eskuragarri. Izen ematea ere bertatik egin behar da, eta horretarako azken eguna urriaren 7an amaituko da. Azalpen gehiago nahi izanez gero, bideo honetan ere aurki daitezke.

Erantzun

Sartu