Teknologia albisteak

Igande motela

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-19 : 16:09

Igande berezia dugu hau sail ofizialean: batetik, lau ordutik gorako film portugaldar bat, Mistérios de Lisboa, oraindik ikusterik izan ez duguna; bestetik, Pasqual Maragall politikari katalanaren Alzheimer gaitzari buruzko dokumentala, lehiaketatik kanpo eskaintzen dena; eta azkenik, nerabe arazotsu baten inguruko pelikula (azken hau, "normaltzat" jo dezakeguna)


Promoziokoa: Neds

Peter Mullan aktore eskoziarra zuzendaritzara igaro da Neds filmarekin (Non-Educated Delinquents). Izenburutik bertatik esaten zaigu bide txarretik doazen gaztetxoak direla gaia. Protagonista, John, mutiko argi eta sentibera da, ikasle bikaina, baina inguruneak (aita mozkor eta bortitza, anaia kinkia, familia pobrea, auzo baztertua, eskola eredu okerra) indar handiagoa izango du eta banden arteko liskarretan sartuko da azkenean.

Britainiarrek ohi duten zinema sozialaren barruan koka liteke hau ere, berezitasun eta nortasun apartekorik gabe. Agian mutiko protagonista nabarmenduko nuke, bere itxura lasaian barneko ezinegona eta amorrazioa adierazteko gaitasunagatik: bere izena, Connor McCarron.

Maragalli omenaldia

Bartzelonako alkate ohi eta Kataluniako lehendakari ohiari omenaldi bat egitea bezala izan da Bicicleta, Cullera, Poma (Bizikleta, Koilara, Sagarra) filma Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean eskaintzea, eta protagonista bera bere emazte Diana Garrigosarekin bertan izateak berretsi egiten du omenaldi izaera hori.

Horrez gain, ezer gutxi dago esateko: dokumental txukun bat osatu du Carles Bosch zuzendariak, gai sentibera batekin, Maragallek bere Alzheimerra iragarri zuenetik hurrengo bi urteko bilakaera kontatzen duena, gaixoaren beraren hitzak, familiarenak eta gaitzean espezializatuko medikuenak tartekatuz. Ezin ukatu politikariaren umorea eta nortasun berezia, bere familiaren argitasuna, gaiaren garrantzia. Baina pelikula bera ez da zinemaren historiara pasako, noski.

Erantzun

Sartu