Euskara TED konferentzia batean
Uztailean Oxford-en emandako TED hitzaldi batean, Caroline Phillips kantari eta Interneteko ekintzaile euskaldunak zarrabetea jo zuen, eta baita euskaraz kantatu ere. Laster Euskal Herrian izango da bertako lehen TED ekitaldia; Bilbon da egitekoa. Izango ote da euskararik han?
Zuzenketa: Bilbon azaroaren 27an baino lehenago, azaroaren 13an egingo da beste bat! TEDx Basque Country Miarritzen.
TED da konferentzia eredu bat zabaldu duen ekimen bat. Ez da urtero toki berean errepikatzen den azoka, baizik eta han-hemenka gertatzen ari diren zenbait ebentoren marka komuna. Technology, Entertainment and Design esan nahi dute siglek. AEBetan sortua, han irabazi asmorik gabeko ekimena da, baina beren konferentziak zabaltzen ari dira munduan frankizia moduan ere (TEDx sigla eraldatua ikusten da kasu horietan), eta horietako bat laster Bilbon egitekoa da.
Normalean aurkezpen teknologiko batekin batera hitz egiten dute hizlariek TED batzarretan. Batzuetan Powerpoint arrunta izan daiteke; beste batzuetan, zerbait askoz aurreratuagoa. Era berean, hizlariek eta aurkezten dituzten gaiek orijinaltasun puntu bat daukate. TED batera bazoaz hizlari, ez duzu beste nonbait erakutsi duzun powerpoint bat enegarrenez errepikatuko; zerbait orijinala egin behar duzula suposatzen da. Horra adibide batzuk:
- Bill Gates-ek malaria zabaltzen duten eltxoak askatu zituen poto batetik.
- Sheena Iyengar. Nola hautatzen ditugun gauzak. Caroline Phillips izan zen ebento berekoa da, Oxfordekoa.
- Chinamanda Adichie idazle nigeriarra. Aurreiritzi eta estereotipoen arriskuez.
Caroline Phillips
Uztailean, Oxford-en (Ingalaterra), TED Global 2010 biltzarra egin zen. Han izan zen, beste lagun askorekin batera, Caroline Phillips, eta bertan eman zuen zarrabetearen berri, hurdy-curdy delakoa ingelesez. Duela egun batzuk azaldu zen bideoa sarean.
Caroline Phillips Kalifornian sortua da, baina Baionan bizi da, eta euskalduna da. Euskal Herriko Interneteko lehen enpresarietakoa ere bada, 20. mendean sortu baitzuen Phillips Internet Consulting. Musikan, zenbait disko egin izan ditu Michel Ducaurekin, eta horietako batzuetan zarrabetea jo izan du, bai. Bidaia Duo izena darabilte orain Phillips eta Ducauk.
Promoziokoa. Michel Ducau eta Caroline Phillips.
Bilboko TEDx
Frankizia moduan, antolakuntza berezituarekin egindako TEDx horietako bat, laster Euskal Herrian izango da: TEDx Bilbao. Azaroaren 27an da izatekoa.
Beste zenbait hitz gakorekin batera, diversity eta education aipatzen dute bideo promozionalean, baina aniztasun horretan, oraingoz, ez dago euskararen arrastorik. Beren webgunean eta Twitter kontuan elebitasuna ageri da, baina gaztelaniaren eta ingelesaren artekoa.
Aurreikusitako hizlarien zerrenda kanpotarrek osatzen dute: ingelesez egingo dutela ematen du (baina ez dakigu).
Erantzunak kargatzen...