Teknologia albisteak

Monsieur Toutlemonde Bidaiari Sarien lehenengo edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez | Tokitan.tv
2010-09-22 : 10:09

Tokitan.tv bidaia bideoblogak Monsieur Toutlemonde Sarien lehenengo edizioa antolatu du. Beren bidaia, opor eta abenturak Interneten euskaraz zabaltzen dituzten internauten artean banatuko dira. Aurten disziplina hauek sarituko dira: Bidaia blogak, Bidaia artikuluak, Bidaiari twitterlariak, Bidaia argazkiak eta Bidaia bideoak. Azkenik, bada sari berezi bat, Tokitan.tv-ren Facebook-eko orrialdean parte hartzen duten jarraitzaileen artean banatuko dena. Sariketa sinbolikoa da, nolabait esatearren, eta Internet euskaraz erabiltzen duten pertsonen lana errekonozitzea da helburua. Irabazleek kamiseta eder bat eskuratuko dute... ;)


Argazkiak.org | Tokitantv kamixeta. © cc-by-sa: xuriken

Bi arau nagusiren arabera banatuko dira hemendik aurrera urtero-urtero:

  • Internetek eskaintzen dituen tresnen bitartez edonolako bidaia, txango edo abenturen berri ematen duten erabiltzaileen artean banatuko dira.

  • Komunikazio horietan euskara erabili behar da.

Bi arau sinple horietatik abiatuta, urtero-urtero Interneten bere bidaiaren berri ematen duten pertsonen jarraipena egiten saiatuko da Tokitan.tv.

Jarraipen hori errazteko, Twitterren #bidaia, #oporrak edo #tokitan etiketak erabili daitezke. Hartara, ezagutzen ez dituen bidaia kronika horien berri izan dezan Tokitan.tv-k. Beste plataformetan ere (Youtube, Euskaltube, Flickr, Argazkiak.org...) etiketa horietako bat erabiliz gero, errazago aurkituko ditugu bideo eta argazkiak.

Monsieur Toutlemonde sarietan kategoriak ez daude aldez aurretik erabakita. Izan ere, urtero urtero tresna berriak sortzen dira sarean. Horregatik, saiatuko gara tresna berri horiek edozein direla ere euskaraz erabiltzen dituzten pertsonak saritzea.

Bistan da zeintzuk diren bidaia baten berri emateko erabil daitezkeen euskarriak: Testuak, argazkiak, bideoak eta bestelako multimedia euskarriak.

Sariak guztiz sinbolikoak dira. Hemen ez ditugu Oscar moduko estatuatxoak banatzen, eta momentuz ezta bidairik edo sari potolorik ere. Tokitan.tv-ren kamiseta esklusibo batzuk baizik.

Helburua, azken finean, Internet eta bidaiak euskaraz uztartzen dituzten pertsonak saritu eta bide horretan jarrai dezaten animatzea da, beren "lana" nolabait errekonozituz.

Irizpide horietan oinarrituta, ondokoak dira 2010 urteko Monsieur Toutlemonde Sarietako kategoriak.

    • Bidaia blogak: Beren bidaiaren kronikak egunez egun blog batean idatzi dituzten blogarien artean banatuko dira.
    • Bidaia artikuluak: Bidaia artikulu solteak, agerkari elektroniko edo blogetan.
    • Bidaiari twitterlariak: Beren bidaiaren berri Twitter bidez eman duten erabiltzaileen artean banatuko dira.
    • Bidaia argazkiak: Beren bidaien argazkiak sareratu dituzten erabiltzaileen artean banatuko dira.
    • Bidaia bideoak: Beren bidaien inguruko bideoak sareratu dituzten erabiltzaileen artean banatuko dira.
    • Facebook-eko bidaiariak: Beren bidaien inguruko testu, argazki edo bideoak Tokitan.tv-ren Facebook-eko hormara bidaltzen dituzten jarraitzaileen artean banatuko dira .

    Dagoeneko hainbat bidaiari euskaldun eta beren Interneteko lanak dazkagu zerrendatuak, baina litekeena da asko eta askoren berririk ez izatea. Beraz, parte hartu nahi baduzu, oso erraza da: Jakinarazi iezaguzu zure lana Facebook-en, Twitterren edo email bat idatziz ondorengo postontzira: info[abildua]tokitan.tv

    Sariak abenduan jakinaraziko dira.

  • Erantzun

    Sartu