Bruselako Adierazpenari erantzun dio ETAk
2010-09-18 23:09
Agiri berri bat egin du ETAk, eraso ekintza armatuak alde batera utzi eta egun gutxira. Agiriarekin Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei erantzuten die "ur zabalagoetan murgiltzeko prestutasunarekin", agirian diotenez.
ETAk bere prestutasuna adierazten du konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne.
Ez Garak ez Berriak ez dute agiri osoa sareratu. Garako albistean adierazpena bihar paperezko edizioan argitaratuko dutela diote. Berrian pasarte bat dator albistearekin batera, eta hortik hartu dugu honako zatia:
Bruselako Adierazpenean eskaera zehatza egiten zitzaion gure erakundeari eta, gure ardurari izkin egin gabe, erantzun zuzena helarazi nahi dugu:
- Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkak arrazoi politiko sakonetan du oinarri. Hortaz, gatazka gainditzeko, urrats partzialetatik harago, gatazkaren erroak barnebildu eta korapiloak askatuko dituen proposamen osatua behar da.
- Gatazka behin betiko gaindituko bada, konponbide sendoa behar du ezinbestean, alde anitzeko konpromisoetan eraiki eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidez garatu behar dena.
- Gatazkaren konponbidearekiko erakutsi duzuen konpromisoa aintzat hartuz, ETAk bere prestutasuna adierazten du konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne.
Horrez gain, Berrian beste iragarpen bat egin dute gaur: Josep Lluis Carod Rovira politikari katalanaren eskutitza Arnaldo Otegiri. Bihar argitaratuko dute, paperezko edizioan hau ere, eta aurrerapen gisa sarean jarri dituzten pasarteetatik honako hau ekarri dugu hona:
Inoiz baino gehiago, politikarako ordua da, ausarten ordua. Eta zu politikari eta pertsona ausart bat zara, ideiak argi dauzkazuna. Iritsia da egiaren ordua, ordurik erabakigarriena, inolako anbiguotasunik gabe adierazteko pentsatzen duzuna, hauxe baita, badakit: gatazka politikoak politikaren bidetik bakarrik konpon daitezkeela, prozedura bakezaleen bidetik, bozen bide demokratikotik, eta emaitzak onartuta.
Erantzunak kargatzen...