Teknologia albisteak

Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XVI. azoka igandean Zerainen

Erabiltzailearen aurpegia
Zerain Dezagun Fundazioa
2010-09-17 : 12:09

Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren gune bihurtuko da beste urtebetez Zerain, datorren irailaren 19an, igandean. Mota askotako produktu ekologikoen salmenta-postuez gain, lanbide zaharren erakusketak, jendeak parte hartzeko tailerrak eta bestelako ikuskizunak egongo dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, herri-kirolak eta erromeria izango dira.

Udazkenaren atarian, hamabosgarren urtez jarraian, Biolur elkarteak eta Zerain Dezagun Fundazioak elkarlanean Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XVI. azoka antolatu dute. Ekoizpen ekologikoa bultzatzeko duela hamabost urte abiatutako bidean aurten beste urrats bat emango da, oraindik ere nekazaritza ekologikoaren alde asko dagoelako egiteko.

Azoka goizeko 9etan hasiko da Zeraingo plazan. Ekoizle ekologikoen 30 salmenta-postu baino gehiago egongo dira era guztietako produktuekin: barazkiak, fruituak, ogia, olioa, xaboiak, ehunak, ardoa, etab. Horiez gain, jendeak parte hartzeko hainbat tailer egongo dira: gozogintzakoa, garaian garaiko produktuak kontsumitzen ikastekoa, senda belarrena, etab. Hainbat ikuskizun ere egingo dira garai bateko langintzak eta ekoizpenak erakusteko: dolarea, lixiba-jotzea eta ikazkintza txondor eta guzti. Arratsaldean, berriz, herri-kirol saioa izango da. Lehenik Zeraingo, Zegamako, Idiazabalgo eta Legazpiko aizkolariek neurtuko dituzte indarrak, eta ondoren, trontzalariak aizkolarien kontra arituko dira. Horiez gain, erromeria egiteko aukera izango da Xapre eta Jose Antonio trikitilariekin.

Aurten gainera, lehen aldiz antolatu den Goierri ekologikoa ekimenaren baitan kokatuko da azoka. Ekimen horretan hamabost egunez ekoizpen eta bizimodu ekologikoari buruzko hainbat hitzaldi, tailer, jardunaldi etab. egongo dira Goierriko Baratzak, Bioqirosek, Biolurrek eta Zerain Dezagun Fundazioak elkarlanean antolatuta. Hamabostaldi horretan, azoka ekologikoa izango da gune garrantzitsuena.

Erantzun

Sartu