Teknologia albisteak
2

Stefaan Engelsek 7 maratoi egingo ditu Bilbon gaurtik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-09-14 : 12:09

Gaurtik aurrera Stefaan Engels Marathonman flandriarra Bilbon izango da maratoiak egiten. Stefaan Engelsek 365 egunean 365 maratoi egin nahi ditu, maratoi bana egunero. Astelehenera arte, egunero egingo ditu maratoiak Bilbon, gero Asturiasera joan eta handik Gantera itzultzeko.

Maratoiak egiteko zirkuito bat dauka Engelsek Bilbon Ingelesen zelaian. Bertan egingo du korrika egunero, eta gonbidapena luzatzen du korrikalariak jendeak berarekin korrika apur bat egin dezan.

Guiness errekorra

Akinori Kusada 58 urteko japoniarrak du Munduko Guiness marka, 52 egunean 52 maratoi eginda. Horri aurre hartzeko, 365 egunean 365 maratoi egitea da Stefaan Engelsen asmoa.

Mexikon egon da Engels. Han zegoela iruzkina utzi zuen bere Facebook orrian hegaldia hartu aurretik. Atzo Madrilen aritu ondoren hasiko da gaur Bilbon korrika egiten.

Nederlanderaz idazten du bere Facebook orrialdean baina frantsesez eta ingelesez ere badauka bere webgunea.

Erantzunak

Josseba
2010-09-16 : 19:05

Berriro beste zoro bat sustatun? Eta Berrian? Komunikabide guztiek jaso behar dituzte horrelako pertsonajeen lelokeriak?



Kokoteraino nago ironmanez, 14 urteko semea Everestera daroan aitez, belaontzian munduari itzulia ematen dioten nerabe kontentidoez...



365 egunean 365 maratoi egiten dituena ez da heroia, zoroa baizik. Hori ez da kirola, harrokeria hutsa baizik. Hori ez da osasungarria, ez inorentzako eredugarria.



Berrian irakurri dut Guinness-zale honek (azken finean hori baino ez dute nahi, agertu nonbait) hitzaldia emango duela gaur Bilbon. Gaia: "Egizu zerbait zure osasunaren alde. Mugi zaitez" Falta zena...



Egizu zerbait zure osasunaren alde: ez imitatu jendilaje hau.



Eneko
2010-09-18 : 11:46

Ricardo Abad, "Riki", Tafallarrak 150 egunetan 150 maratoi egin zituen iaz, 2009ko urtarrilaren 1ean hasi eta maiatzaren 30ean bete zuen bere helburua: 150 maratoi, 150 egunetan, jarraieran. Marka hori egin zuen lehena izan zen Abad.


Baina eguneko maratoi bat egin arren, ez zion lanera joateari utzi Rikik, eta zortzi (edo tokatzen zitzaiona) orduz aritu zen bere ohiko lanean, egunero (jai egunak izan ezik) han ere bai. Fundizio baten lan egiten du Rikik, Fagor Ederlan-en.


Orain marka berria ezarri nahi du eta urriaren 1ean hasita, 457 maratoi egin nahi ditu 457 egunetan!!. Aurten geratzen diren hiru hilabeteak eta 2011 urtea osorik. Dena ondo badoa, 19.285 kilometro beteko ditu. Egunero Zidakos ibaiaren gaineko zubitik hasita eta askotan Valdorba edo Orbaibar inguruetatik.


Bloga du Ricardo Abad korrikalari nafarrak, http://riki-ricardoabad.blogspot.com , eta han kontatzen ditu bere egunerokoak. Guinness marka bezela ezingo du homologatu, hori egitea garestiegia delako.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago