Teknologia albisteak
2

Norteko Ferrokarrilla irratsaioaren XV. denboraldia gaur hasiko da Euskadi Irratian

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-09-14 : 13:09

Elhuyar Fundazioak ekoitzita, zientzia eta teknologiari buruzko saio hau asteartero emango da, 21:00etan. Lehen saioan jorratuko den gaia plazebo-efektua izango da

Elhuyar Fundazioak Euskadi Irratiarentzat ekoizten duen Norteko Ferrokarrilla irratsaioak bihar ekingo dio denboraldi berriari, hamabosgarrenari. Zientzia eta teknologiari buruzko saio hau Guillermo Roa kimikariak gidatuko du, Elhuyar Zientziaren Komunikazioa saileko kideen babesarekin, eta asteartero emitituko dute, 21:00etan (igandeetan, 22:00etan, errepikapena emango dute), orduerdiz. Denboraldiko lehenengo programan, Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariaren bi erredaktorek, Ana Galarragak eta Oihane Lakarrek, plazebo-efektuari buruzko solasaldia izango dute.

Bestalde, denboraldi honetan orain arteko kolaboratzaileek parte hartuko dute Norteko Ferrokarrillean: Rafa Saiz ornitologoa, Jabi Asurmendi informatikaria, Mikel Alvarez medikua eta Álvaro Aragón historialaria.

Astero emititzen diren programak saio honen webgunean egongo dira eskuragarri, MP3 formatuan, nahi duenarentzat. Asteroko emisioez gain, azken urteetan ekoitzitako erreportajeak ere aurkituko ditu erabiltzaileak webgune horretan.

Erantzunak

Arantza
2010-09-23 : 12:30

Ohar txiki bat: webgunearen esteka ez da zuzena. "http:" bi aldiz idatzita dago.

Sustatu
2010-09-23 : 12:46

Zuzendu dugu, eskerrik asko. http://norteko.elhuyar.org da irratsaioaren helbidea.


Erantzun

Sartu