Urriaren 1ean Bloglines jario irakurgailua itxi egingo da. Hala iragarri du IAC enpresak, Ask.com bilatzailearen (eta Bloglines-en jabeak). Eman duten motiboa, RSS jarioak jarraitzen dituzten pertsonen merkatua ez da handitu. Aitzitik, azken urteetan %20 jaitsi da.
Bloglines 2003. urtean sortu zen, Mark Fletcher ekintzailearen eskutik. 2005eko otsailean saldu zion IAC-ri. Garai hartan jario irakurgailu mordoxka zeuden merkatuan, eta Bloglines zen erabiliena orduan. Zerrenda hartatik, bizitza edo fama apur bat lortu zuen beste bat Newsgator izan zen, baina hori ere itxi zuten duela hilabete batzuk. Gero jaio zen Google Reader, 2005eko urrian, eta gaur egunean, RSSak jarraitzen dituztenek aukera praktiko hori besterik ez dute, seguruenik. Euskaraz, Aurki bilatzaile izatetik jario biltzaile eta jarraitzaile izatera igaro zen, baina bere harpidetza-erako erabilpena hutsaren hurrengoa izan da eta da.
Bloglines funtsezkoa izan zen 2003-2004 urteetan blogintzaren eztanda laguntzeko. Blogak lehenagotik ere bazeuden, bakoitza bere RSS jario propioarekin (Sustatuk ere 2001eko azarotik du bere RSS-a) baina jario horiek jarraitzeko modu praktiko bat barik, zaila zen blog asko aldi berean jarraitzea. Hori posible egin zuen Bloglinesek, eta horrekin, ez bakarrik blogak jarraitzeko gogoa piztu zuen, blogak egitekoa ere bai.
Sustatu Bloglines-en fan dudabakoa izan da urteetan. XML edo RSS jarioak azaltzeko orduan, haiek jarraitzeko modua proposatzen genuenean, Bloglinesekin. Zerbitzuaren aukeretako bat, jarioak pilatzekoa, baliatu genuen 2004ko martxoan euskarazko iturrien biltegi bat aurkezteko.
Bloglines halako egoera estankatu batean eduki izan du IAC-k. Berrikuntza gutxi izan ditu (beta diseinu alternatibo bat, egiazki jatorrizkoa baino okerragoa izan dena), eta funtzio gehigarrietan apenas gehiago. Funtzio gehigarri horietako bat blogak dira: jende gutxik daki bloga izan daitekeela Bloglines-en, baina egon badaude, eta euskarazko bat, bereziki interesgarria, Andoni Sagarna euskaltzainaren Iparrorratza. Ez dakigu zer gertatuko zaion blog honi urriaren 1ean.
Jarioak jarraitzeko, berriz, Google Reader geratzen dela ematen du, ez besterik. Askok, hala ere, ez dute halakorik behar. Jendeak gehiago jasotzen ditu azken ordukoak eta egiten du iturrien jarraipena Twitter edo Facebook-eko newsfeed biziekin. Hauetan ez dago Bloglineseko aukera bera, atzeratutako irakurtzekoa (ordu batzuen buruan, gauzak galdu edo igaro egiten zaizkizu Twitterren), baina azken batean, zenbat bider ez ote dira atzeratutakoak betiko atzeratu geratu izan Bloglinesen?
Era berean, jario irakurgailua, edo Bloglinesek ematen zion interfaze eta funtzionalitate nagusia, edukira bideratzeko tresna bat zen, kontsumo elementu bat baino gegiago; eta horregatik, begiak edo arreta ez bada tresnan bertan itsasten, zaila da errentagarri izatea horrela (hemen analisi bat). Google Reader bera eraldatzen ari ote den zurrumurruak ere badira hortik.
Agindu bezala, hemen dago artikulua: Harpidetzak nola eroan Bloglines-etik Google Reader eta Alestira.
RSSak jarraitzeko, euskaraz eta sarean Alesti dago.
Tresna librea da, eta oso ondo funtzionatzen du.