Ekainaren 29an Greba Orokorra egin genuen euskal herritarrek sortutako ekimena da hau. Mobilizazio horren bidez bilatzen ari ginena oraindik lortu ez denez, borrokan jarraitu behar dela uste dugu. Irailaren 29an ere Greba Orokorra egin behar dela uste dugu eta euskal sindikatu guztiek bere greba deialdiak egin behar dituztela uste dugu.
Irailaren 29an ere Greba Orokorra Euskal Herrian - Hiritarren manifiestua
Idazki hau sinatzen dugunok argi ikusten dugu bankuek eta espekulazio finantziarioek sortutako krisiaren aitzakiapean potere ekonomikoek Europako langileriak azken bi mendeetan lortutako eskubide sozial eta laboralak ezabatu nahi dituztela.
Ekainean dekretuz onartutako Lan Erreformak langileak kaleratzea erraztu, merketu eta subentzionatu egiten du, eta ez du lana sortzeko edo lanaren kalitatea hobetzeko ezer egiten. Neurri larri hauek lehendik ere geneukan egoera gehiago okertzera datoz, non pertsona asko eta asko langabezian dauden, enplegu publikoan, soldatetan eta garapenerako lankidetzan murrizketak egon diren, pentsioak izoztu dituzten. Et ahori guztia gutxi balitz berriro atera da jubilazioa 67 urte eduki arte atzeratzeko mehatsua.
Egoera honi aurre egiteko milaka langilek Greba Orokorra egun genuen pasa den ekainaren 29an, jasaten ditugun gobernuen politika ekonomiko, sozial eta laboralak aldatzea eskatzeko.
Herriari jaramon egin beharrean, gure inguruko alderdi politiko nagusienek (PSOE eta PNV) Lan Erreforma nabarmen okertu dute parlamentuan egindako aldaketekin. Orain enpresek etekinak jaistea edo jaisteko aurreikuspenak egotea langileak kaleratzeko motibo justifikatua izango da. Eta Madril, Gasteiz eta Iruñako gobernuek krisiaren pisua krisia sortu ez dugunon gainean jartzen jarraitzen dute.
Ekaineko greba ez zen egin tramitea betetzeko, ezta euskaldunok protesta dagoeneko egin dugula esateko. Gauzak aldatu nahi genituen, enpleguari pertsonei eta beraien eskubideei lehentasuna ematea eskatu nahi genuen, eta potere ekonomikoen aginduetara dauden gobernuei aurre egin nahi genien.
Helburu horiek bete ez direnez, ez da etxean geratzeko ordua, borrokatzen jarraitzekoa baizik, gure protestak gero eta gehiago zabalduz.
Beraiek Europa osoan presionatzen badute, Europar Batasuna arma bezala erabiliz, herriaren erantzuna Europa osoan antolatu behar da. Europako Sindikatuen Konfederazioak borroka eguna deitu du irailaren 29rako. Estatu espainiarrean, sindikatu batzuk Greba Orokorra deitu dute eta beste herrialde batzuetan ere aukera hori aztertzen ari dira.
Bizi dugun egoerak erantzun gogorrak eskatzen baditu eta erantzun horiek ematea posible bada, egin behar dugu. Irailaren 29an Greba Orokorra egin behar dugu.
Horregatik, idazki hau sinatzen dugunok irailaren 29an Greba Orokorra egitea beharrezkoa dela uste dugu, eta Euskal Herriko sindikatu guztiei beren greba deialdiak egitea eskatzen diegu, bakoitzak nahi duen moduan eta mobilizazioak nahi duen tokian egin dezan, bakoitzak bere mezuarekin, baina egun horretan sindikatu guztiak kalean egon behar dira, Maiatzaren lehenean egiten duten bezala. Momentu honetan ezin da berriro zatiketa sindikala agertu, herriak presionatzeko duen ahalmena gutxitzen duelako, eta gainean datorkigunari aurre egiteko indar guztiak behar ditugulako.
Manifestu hau sinatzeko posta elektronikoko mezua bidali irailak29greba@gmail.com helbidera, zure izen-abizenak, lanbidea edo kolektiboa eta herria azalduz.
Non esan duzue dela greba hori?
Ekainaren 29ko greba Euskal Herrikoa izan zen? Ala Hego Euskal Herrikoa? Eta orain egin behar duzuena... ez al da Espainiako sindikatuek antolatu duten Espainiako greba bat?
Ala Baionan ere konbokatu duzue greba?
Eta greba konbokatu duten sindikatuentzat Iruñeako gobernuaren politika soziala euskal langileen ardura bat da? Sindikatu horientzat Euskal Herria esistitzen da?
Ez dakit ba.