Sustatu logoa Teknologia albisteak

Neguko erakusleiho tristeak

leire narbaiza
2010-09-14 10:09

Amaitu da udako merkealdia, oraindik azken eskaintzak geratzen badira ere. Udan dena izan da kolorea, lorea, argia, arina, estanpatua...... Bat-batean, baina, neguko moda etorri zaigu: hogeita hamabost gradu kalean eta artilezko jertsea eta larruzko beroki beltzak eskaparateetan! Nola liteke? Ikusteak ere beroa ematen du barren!


Argazkiak.org | Neguko arropak © cc-by-sa: goioarana

Nahiko deprimentea da berez oporretatik bueltatzea, are gehiago toki guztietan Itzulerarekin (la vuelta al cole, la rentrée) jo eta sua zigortzen gaituztenean. Erakusleihoekin ere sufritu behar dugu, ala?

Baina denok dakigu modaren mundu hau nahiko zoroa dela. Zeropean gaudenean udako lihozko alkandora arinak jartzen dizkigute eta guk amua irentsi. Moda dago ero ala gu, ez dakit seguru.

Dena den, hori larria iruditzen bazait ere, neguko arropen kolorearena tristeagoa begitantzen zait. Izan ere, lutoa iritsi zaigu bitrinetara. Guztiak goibel: beltz, gris, more eta marroiekin jantzita manikiak. Zergatik ezin da neguan kolore argirik eraman? Zer dela eta daude debekatuta loreak eta estanpatu alaiak? Ez litzateke hobe izango bizitasun pixka bat emango bagenie dendei eta gure itxurari? Urtaro luze eta ilun hori ez genuke pozago pasako arropa argiekin? Ulertzen dut eguneroko berokia ezin dela mila koloretakoa izan, konbinatzeko errazagoa baita beltza edo grisa, baina bestelakoak?


Argazkiak.org | Neguko erakusleheio tristeak © cc-by-sa: txargain

Eman diezaiogun kolore apur bat bizitzari, baita negu luzeko egun laburretan ere.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu