Sustatu logoa Teknologia albisteak

ETAren bideoari egindako bestelako "ekarpenak"

Sustatu
2010-09-07 13:09

Dena ez da izan analisi sakona eta hausnarketa burutsua ETAk iragarri ondoren ekintza armatuak etenak zituela. Izan da bestelako haritik tiraka ibili dena, batez ere Interneten. Hemen bildu ditugu zenbait adibide, ironia, umorea eta irakurketa bitxia eskaintzen dutenak.

Eguneraketa, 11.45. Gaurko Frankfurter Allgemeine egunkarian, portada hau gaur, euskal genea aurkitua. Bai, ETAren su-etena aipatzeko da, baina ez hori bakarrik; horra azalpena.

Soinu banda

Izan ere, edukiari baino, zenbaitek moduari eta itxurari erreparatu die. Adibidez, baten bat fijatu da bideoaren soinu-bandan. Horri esker jakin izan dugu bideoaren hasieran entzuten den musika Keith Jarrett -en Köln Concert pieza dela.

Anonimo batek, beste erreferentzia bat bidali digu postontzira: Ciclos Iturgaiz talde klandestinoaren Las noticias de ETA izeneko kantua. Ez da bat-batean konposatua, baina bidaltzaileak nonbait unerako egokia ikusi du.

Eszenografia

El Periodico egunkariak iragarpenen eszenaratzeen parekotasuna baliatu du, mezuan ere gauza bera errepikatzen dela irudikatzeko (iradokitzeko, bide batez, aurrekoak bezala zapuztuko dela hau?)

Beste anonimo batek postontzira powerpoint bat bidali dugu, eta goian itsatsi dugu bertan ikusten dena. Mahai osteko erakundearen anagramaren ordez, beste batzuen artean pertsonai ezagunak azaltzen diren: Urtain, Lady Di, Madonna, Olentzero...

Hitz jokorik egin duenik ere bada. Página 12 egunkari argentinarrak azal hau eman zuen atzo. Mikel Iturriak komentatu du bere blogean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu