Teknologia albisteak

Parisen ere etxean bezala

Erabiltzailearen aurpegia
Elena Laka
2010-09-09 : 17:09

Goio Arana laguna Londresera joan zen oporretara, eta etxean bezala sentitu zen  hainbeste izen eta aipamen euskaldun topatu zituen. Guk ez genekien Parisera joan oporretara, eta beste horren beste gertatuko zitzaigunik.

Lehen euskal agerpena Pariseko bihotzean izan zen, Des Vosgues plazan, Victor Hugo idazlearena izandako etxearen ondo-ondoan, lurrin denda dotore batean, honako idatzi hau:


Argazkiak.org | euskarazko izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Eta lurrinen usaina erakusteko kartoi txikietan, bertan saltzen ziren lurrinen izenak: bata Euskadi, bestea La Féria Fémenine, eta hirugarrena, Un jour à Biarritz. Zaila bakoitzaren usaina esplikatzea, baina esango nuke Euskadi izenekoak zelabaiteko antza zeukala Channel nº 5ekin.


Argazkiak.org | lurrinen izenak © cc-by-sa: elena laka

Hor hasi ziren Pariseko une euskaldunak. Hurrengoan Petit Casino supermerkatura joan, eta etxeko edozein Eroskitan izango bagina moduan, gatzatua erosi ahal genuen, Le petit basque markakoa.


Argazkiak.org | euskal izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Baina ez bakarrik euskal jaki tradizionalak, bazeuden baita ere euskal izeneko jaki exotikoagoak, hala nola Tipiak markako kuskusa.


Argazkiak.org | euskal izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Ordutik aurrera, euskal hitzak gure aurrean agertuz joan ziren egonaldi osoan: Haussman boulevard dotoreko parkinga adibidez, Antigua Berri edo Errekalde Berri modukoa da, Haussman Berri.


Argazkiak.org | euskal izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Louvre museoan berriz, galeria printzipaletako batek Denon du izena. Ez genekien, ohikoa den bezala, kartelak Euskal Herrikoen antzera azken "a" falta zuen, ala antzinako zibilizazioen artea denon esku ipintzen ote zuen. Edozelan ere, hemengo edozein museotan egongo bagina bezala sentiarazi gintuela.


Argazkiak.org | euskal izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Eta Parisen hainbeste gora eta behera ibili ondoren, Tuileries lorategien parean, egun osoan hirian gora eta behera ibili ondoren euskaldun nekatuak atsedena ondoen har dezakeen hotelarekin egin genuen topo: Lotti hotela, zalantza barik lo-zaleentzako ostaturik aproposena.


Argazkiak.org | euskal izenak Parisen © cc-by-sa: elena laka

Euskal herritarra, ezagun da, etxeko da Londresen zein Parisen.

Erantzun

Sartu