Teknologia albisteak

Auto isilaren arazoak

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-09-08 : 13:09

Albistearen lerroburuak Stieg Larssonen eleberri baten izenburua dirudien arren, Japoniatik datorkigun albistea da, eta ibilgailu hibridoen ekoizpenarekin zerikusi zuzena dauka.

Antza, ibilgailu mota horri buruz hitz egitean, abantailak besterik ez dizkiogu ikusten, ingurumenari dagokionez behintzat: ez dute ibilgailu arruntek bezain beste erregai kontsumitzen, airera isurtzen duten CO2 kopurua ere nabarmen txikiagoa da… baina, beti baitago baina bat, isilegiak omen dira oinezkoentzat, batez ere itsuentzat. Mundu osoko oinezkoak kexaka joan zaizkio munduko auto-ekoizle handiena den Toyotari. Auto elektriko bat gerturatzean ez dutela entzuten diote, eta horrek istripua egoteko arriskua areagotzen du, beren esanetan.

Zein izan da erraldoi japoniarraren erantzuna? Prius modelo hibridoari, ibilgailu arrunt baten soinua emititzen duen bozgorailu bat txertatzea (148 dólar) kapotaren azpi aldean. Oraintxe jarri dute salgai eta erosleak erabakiko du extra edo gehigarri hori jarri nahi dion autoari.

AEBetako gobernuko bideko segurtasun agentziaren azterketa baten arabera, ibilgailu hibridoek oinezkoekin istripu bat izateko bi aldiz aukera gehiago daukate, batez ere abiadura txikietan, ibilgailu arruntekin alderatuz gero.

General Motors, Ford edo Nissan bezalako beste auto-ekoizleek ere ibilgailu isil hauen segurtasuna handitzeko neurriak hartzeko lanean ari dira.

Erantzun

Sartu