Teknologia albisteak

Egun bat nekazalturismoan

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez | Tokitan.tv
2010-08-17 : 16:08

Enbutegi nekazalturismoa Urnietan dago, Adarra mendiaren magalean. Hainbat aldiz igaro naiz ni inguru horietatik, mendira igotzeko ibilbidea RENFEko apeaderotik bertatik abiatzen genuen garaietatik.

Tokitan.tv-k ikusentzunezko ekoiztetxe txiki gisa lan egiten du eta, beste gauza askoren artean, nekazalturismoentzako bideoak ere egiten ditugu. Bada, hain zuzen ere, Enbutegi nekazalturismoa izan da lehenengo bezeroetariko bat.

Azken asteotan han ibili naiz grabatzen, ondoren bideoa editatzeko. Primeran hartu naute Enbutegi Baserrian bertako jabeek, Pilar eta Kepak. Egia esateko, etxea izugarri polita da, kanpotik nahiz barrutik. Eta inguruak ere ikusgarriak dira. Hori guztia islatzen saiatu naiz bideoan.

Badakizue nekazalturismoa eta landa-etxea ez direla gauza berbera. Landa-etxeak landa eremuetan dauden ostatuak dira, besterik gabe. Baina nekazalturismoen kasuan, erdi ostatu erdi baserri dira. Alegia, beren bizimoduaren zati bat ostatu gisa egiten dute, baina izenak dioen bezala, lurra ere lantzen dute, eta abereak hazi.

Enbutegik apartamentu bat eta sei logela bikoitz dauzka, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat prestatua. Nahi izanez gero, bisitariek baratzean lan egin dezakete. Gainera, hainbat animalia dituzte: Ahuntzak, behiak, zaldiak, oilaskoak eta, nola ez, zakurra eta katuak.

Gustora ibili naiz beraiekin lanean, eta han egon naizen bakoitzean opari eta guzti bueltatu naiz etxera: Tomateak, lekak eta piperrak.

Edukian oinarritutako marketina

Osatu dudan bideoa publizitatearen alorrean koka daiteke. Baina saiatu naiz ihes egiten ohiko iragarki publizitarioen eskematik. Nolabait esateko, publi-erreportaje bat da hau. Nekazalturismoko bizitza islatzen saiatu naiz eta, aldi berean, bezeroarentzat interesekoak izan daitezkeen zenbait alderdi azaltzen dira bideoan.

Bideoa Interneten zabaltzeko dago pentsatua, nagusiki. Kalitatezko edukiekin sortutako marketinean sinisten dut. Iragarki errealista moduko bat da hau, su artifizialik gabe, ez dagoenik erakutsi gabe. Azken finean, uste dut norberak benetan daukana erakustea onuragarria dela, pantailaren aurrean garen bezalakoak azaltzeak indar handia duela. Itxurakeriarik gabe. Azken finean, asteburu pasa nekazalturismo batera joateko asmoa dutenek etxea, bizilagunak eta ingurua bertaratu baino lehen ezagut dezaten prestatua dago bideo hau.

Bertan egon ostean, bene-benetan gomendatzen dizuet Enbutegi nekazalturismoa. Ah... eta etxean afaltzeko asmorik baduzue, eskatu etxeko haragia, oilaskoa eta barazkiak. Ez zarete damutuko!


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago