Bilboko Aste Nagusirako aplikazio bat iPhonean, euskarazko lehena Apple telefono hauetan

Bilboko Aste Nagusiari buruzko informazioa biltzen duen iPhone aplikazio bat sortu du Bilboko Congrio Soft enpresak, Aste Nagusia. Hiru hizkuntzatan dago, tartean euskaraz, eta egileek diotenez iPhonerako euskarazko lehen aplikazio elkarreragile edo interaktiboa da.
Eguneraketa, 15.00. Hara, beste aplikazio bat ere aurkeztu da gaur, Bilbokoa, euskaraz eta iPhonerako hau ere (eta gainera, Androiderako ere bai).
Garatzaileen arabera, aplikazioak nahi duzun ekitaldiko kokapen zehatza erakutsiko dizu mapen bitartez. Jaien egitarau osoa sartuta dauka, eta jaian zaudela, bizipenak Facebook-ekin konektatuta partekatu ahal izango dituzu, zuzenean aplikaziotik.
Hemendik jaitsi daiteke. Doan da. Baina Apple iOS 4 sistemarako da, eta iPhone berrienekin bakarrik, iPhone 4 telefonoekin bakarrik, ibiliko da ondo. iPhone aplikazio batzuk iPad-etan ere erabiltzen ahal dira, baina ez dirudi honen kasua denik.
Promozio gisa, saria ere bai instalatzen dutenei: hurbildu iPhonearekin Aste Nagusia aplikazioa instalatuta duzularik Pinpilinpauxa konpartsaren txoznara. Han erakutsi, eta opariak edo ezustekoak izango omen dira. Aste Nagusia ospatuko da Bilbon abuztuaren 21etik 29ra, data zuzen emanda, ez hemen bezala.

Argazkiak.org | Aste Nagusia 2010 iPhone aplikazioa © cc-by-sa: sustatu
Erantzunak kargatzen...