Tweet egiteko Twitterren botoi ofiziala, Sustatun dagoeneko martxan
Izenburuaren gainean duzue tweet botoia. Lehen artikulua inprimatzeko aukera geneukan hor, baina, erabiltzen ote zuen inork?

Argazkiak.org | Sustatun inprimatzeko aukera © cc-by-sa: sustatu
Tweet botoi berriaren ondoan jarraitzen du Sustatuko artikuluaren berri e-postaz lagun bati bidaltzeko aukerak.
Tweet botoia erabiltzeko, Twitterren kontua eduki behar da, kontua baita aplikazio horretan hedatzea nonbait zerbait ikusi duzula interesekoa (horretarako da botoia). Klikatuz gero, leiho bat irekiko zaizu, eta hortxe joango da Sustaturen artikuluaren izenburua eta beste pare bat datu. Zuk zeuk uki dezakezu testua zeure erara, betiere 140 karaktereen muga horretan. Sustatuko URL edo helbidea Twitterrek berriki martxan jarri duen t.co helbide laburtzailearen bidez geratuko da laburtuta.
Botoia sakatutakoan agertuko zaizun interfazea ingelesez dago. Hizkuntza aukerak murritzak dira: ingelesa, gaztelania, frantsesa, alemana, japoniera. Ingelesez barik gaztelaniaz jarri beharko genuke?
Egunen batean jarriko dute Twitter euskaraz, eta orduan moldatuko dugu hori. Bere garaian boluntarioak eskatu zituen Twitterrek aplikazio hainbat hizkuntzatan jartzeko, eta euskaldun batzuk prestu azaldu ziren, baina garapenaren alderdi hori geldi daukatela ematen du. Izatez, itzulpenak egiteko lekuan, hainbat hizkuntzatan boluntario agertzeko aukera zegoen lehen, eta euskaldunak ere gehitu ziren haien artean, baina orain formularioa ere kendu egin dute.
Tweet egiteko botoia zenbait modutan moldatu daiteke:
- Laguntza azkarra, di-da batean sortzeko botoia.
- Dokumentazioa, egokitzapen zehatzagoak egiteko.
Orain arte, Tweetmeme izeneko zerbitzuak eduki izan du Twitterren edukiak partekatzeko botoitxoaren aplikazio erabiliena. Twitterrek berak dio Tweetmemerekin elkarlanean eman dutela urrats hau, baina azken batean zera ematen du honek: beste batzuen zerbitzu paralelo bat fagozitatzera datorrela anaia nagusia. Twitterren inguruan hazitako beste aplikazio batzuei ere gerta dakieke hau, adibidez Bit.ly helbide laburtzaileari terrenoa jan diezaioke t.co Twitterren laburtzaile propioak.
Erantzunak kargatzen...