Sustatu logoa Teknologia albisteak

Neskatan edo mutiletan egin, GPSarekin

Joxe Aranzabal
2010-08-10 09:08

Ikusi, bestela, zer gertatu zitzaien Scott Kutcher eta Amanda Segal gazte estatubatuarrei. Iragan martxoan ezagutu zuten elkar, Madison Square Garden kiroldegian zeudela, New Yorken, Jay-Z rap-kantariaren kontzertu batean. Han zegoela, Scott gazteak telefonoa hartu eskuetan, iPhone bat, eta Skout aplikazioa ireki zuen, jakiteko zer neska zebilen inguruan. Aplikazioak erakutsi zion argazki zerrenda bat, eta bertan agertzen ziren Scotten GPSaren erradioan zeuden neskak, hauek ere Skout aplikazioaren erabiltzaileak. Nesken artean, Amanda agertzen zen goren, neska polita, eta 300 metrora baino ez, GPSaren arabera.

Scottek mezu bat bidali zion Amandari, aplikazioa erabilita. Amandak pentsatu zuen Scott jostakina zela, eta gustatu zitzaion profileko argazkian zeraman kapela. Beraz, hitzordua egin zuten kafea hartzeko kontzertuaren ostean. Badaezpada, Amanda zenbait lagunekin joan zen: “Serieko hiltzaile bat izan zitekeen, aizu!”, dio orain, “baina gustatu zitzaidan”. Gaur egun elkarrekin irteten dira, eta uste dute neurri batean hori zor diotela Skout programaren filosofiari, “maita ezazu zeure gertukoa”.

Maitatu zure gertukoa

John D. Sutter kazetariak azaldu duenez, Skout, Grindr eta StreetSpark bezalako aplikazioak oinarritzen dira hurbiltasunean eta komenientzian, erabiltzaileen arteko harremanak hasteko. Ahaztu eHarmony eta Match.com bezalako zerbitzuek gauza bera lortzeko eskatzen duten informazio piloa eta bide luzea. Beste aplikazio hauekin, ordea, gauzak di-da gertatzen dira. Hori bai, denek ere bat-bateko mezularitza darabilte, benetako elkarrizketan sartu aurretik.

Nahiz eta urtebete baino ez duen, Skout aplikazioa lider bihurtu da esparru honetan. Milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditu, 24 eta 25 urte artekoak gehienak. Grindr, berriz, gay komunitatean zabaldu da. Dagoeneko 900.000 erabiltzaile ditu, 162 herrialdetan. Oraingoz, Skout iPhonekin bakarrik dabil, baina bidean daude Android eta Symbian bertsioak. Grindr, ostera, iOS eta Blackberry telefonoetan dabil. Baita iPod Touch eta iPadetan, azken hauetan wifi bidez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu