Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ezer ez da ondo egingo Iruña Veleian?

Asier Sarasua
2010-07-28 16:07

Veleiako gora-beherek ez dute akaberarik. Azken 3 urteotan albiste-iturri agortezina da Iruña Okako aztarnategia. Eta beti kezkagarri.

Azken egunotan zuzendari berria eta bere lantaldea hasi dira lanean, eta oraingoan ere harrigarria da bertan gertatzen ari dena. Asteburuan argitaratutako bideo batean azaldu ziguten nola ari diren makinak Veleia garbitzen (hemen albistea Sustatun, bideoa, Idoia Filloyren artikulua, Aralarren denuntzia eta argazkiak).

Atzo bertan beste pare bat bideo plazaratu dira Youtuben. Garbi ikusten da indusmakinek lan ona egin dutela. Barren-barreneraino heldu dira. Lan arkeologiko fina!

Bideoak Youtuben daude eta hauxe da bertan dauden azalpenen laburpena euskaratuta:

  • 98. ingurunean ari dira lanean. Aire-argazkiek erakutsi zuten hor azpian egitura garrantzitsuak zeudela. Alderdi horretan 13 zundaketa daude eginda. 30 cm-tik behera hasten omen ziren estratu arkeologikoak. Ostrakan datu gehiago.
  • Beheko egituretara heltzeko biderik bixkorrena aukeratu dute: eskabadora hartu eta barrena jo arte sakondu. 30 cm ez ezik, metro bete kendu da; zenbait tokitan baita gehiago ere.
  • Bidean, jakina, estratu arkeologiko guztiak suntsitu dituzte. Informazio historiko eta arkeologiko guztia galdu da (bueno, hemen dago).
  • Ez hori bakarrik: beheko egituretan ere kalte handiak sortu dituzte (makinak egitura zatiak ere puskatu dituelako, zutabeetan garbi nabari denez).
  • Arduradunek esaten dute dena "kontrolpean" dagoela, baina lan horietan ez da ikusten ez katarik, ez markarik, ez seinalerik, ez inolako kontrolik.

Prentsan ez da ezer argitaratu eta zuzendariak dio metodo tradizionala dela. Bai ote?

Ezer ez da ondo egingo Iruña Veleian? Erromatar Jainkoren baten madarikazioren bat, agian?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu