Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kosovoren ondoren, Euskal Herria (Jack Bauerren munduan, bederen)

Sustatu
2010-07-27 10:07

Unai Morazak detektatu du. 24 telesaileko 8. denboraldian, Nazio Batuen egoitzara doa Jack Bauer super-agentea, eta han zer topatuko estatu subiranoen banderen artean? Ikurrina, bai horixe.

24

24

Mende honetako AEBetako telesail ezagunenetako bat da 24 (ikus Wikipedia). 2001. urtean hasi ziren ematen, eta 8. denboraldia amaitzearekin, aurtengo maiatzean hain zuzen ere, utzi diote egiteari (betiko, ematen duenez).

Gaia sinplea da: Terrorista gaiztoak, beti AEBak kaltetu nahian; eta haien kontra borrokan, supergizon trazak dituen Jack Bauer agente nekaezin eta errukigabea (Kiefer Sutherland aktorea). Baina telesailaren egitura originala da, eta indarra ematen dio atal bakoitzari: denboraldi bakoitza 24 atalez osatzen da, eta egun oso bateko 24 orduko jarduna erakusten du, denbora errealean balitz bezala. Hau da, denboraldi bat asteazkeneko goizeko 10.00etan hasi bada, lehen kapituluak 11.00ak arte gertatzen dena kontatzen du, eta juxtu 11.00etan hasten da bigarrena. Denboraldi osoa, ostegun goizeko 10.00etan amaituko da.

Zortzigarren denboraldia New York hirian gertatzen da osoki, eta ikurrina agertzen den unea 23. ordu/atalean da, amaieratik gertu beraz, Unai Morazaren arabera.

Kosovo eta gu

Kosovoren independentzia aldarrikapena ez dela nazioarteko legediaren aurkakoa ebatzi zuen joan den astean Hagako Nazioarteko Auzitegiak.

Horrek ekarri du ohiko eztabaida, ea kasuak konpara daitezkeen ala ez. Euskal abertzaleentzat, pozgarria eta erreferentzia balekoa da; besteentzat, nonbait ez da erreferentzia. Euskal blogari pare baten ikuspegia hemen:

Kataluniatik, Vicent Partal Vilawebeko zuzendariak bere analisi propioa egin du, eta sententziaren muinari erreparatu dio, bereziki:

  • Lurralde-batasunaren printzipioa, estatu baten mugak ukiezinak direna dioena, estatuen arteko harremanei dagokie, eta ez da aplikatzekoa independentzia aldarrikapenetan (dokumentuko 80. puntua)
  • Ebazpenaren testuak ez dio bakarrik Kosovori erreferentzia egiten, eta plurala darabil "independentzia adierazpenak" aipatzeko. Dokumentuko 84. puntua, jarraian transkribatu duguna:

84. For the reasons already given, the Court considers that general international law contains no applicable prohibition of declarations of independence. (emandako arrazoiengatik, Auzitegiak ebazten du ez dagoela nazioarteko lege orokorrik non independetzia adierazpenen debekurik dagoen).

Hagako Auzitegiaren sententzia osoa hemen, ingelesez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu