Teknologia albisteak

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa, orain, on line dago

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-07-18 : 14:07

Zientzia eta teknologiaren arlo guztiak lantzen dituen euskarazko lehen hiztegi entziklopediko hau http://zthiztegia.elhuyar.org webgunean kontsultatu daiteke. Obra hau liburu eta CD-ROM formatuetan argitaratu zen 2009ko urrian

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa on line dago jada http://zthiztegia.elhuyar.org/ webgunean. 2009ko urrian argitaratu zen liburu eta CD-ROM formatuetan zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopediko hau, euskaraz egin den lehena, eta orain on line ere kontsultatu daiteke. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren Interneteko bertsioan, liburuan eta CD-ROMean bezala, 23.000 kontzepturen definizioaz gainera, dagozkien erdal terminoak (ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak), artikuluak, irudiak eta lagungarriak diren zenbait unitate jasotzen ditu. Obra honek zientzia eta teknologiako 50 alorretako informazioa eskaintzen du, honako alor nagusi hauetan multzokatuta: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, Lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta gai orokorrak.

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa osatzeko, lau urtez jardun du lanean lantaldeak. 200 aditu baino gehiago aritu dira; haien artean, Euskal Herriko unibertsitateetako zenbait irakasle, eta zientzia eta teknologiaren alorrean diharduten zentro eta enpresetako zenbait aditu, Antton Gurrutxagaren zuzendaritzapean. Zientzia eta teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen ororentzat dago pentsatua obra hau: Batxilergoko, Lanbide Heziketako, unibertsitateko ikasle eta irakasle, kazetari, guraso eta, oro har, zientzia eta teknologiaren inguruan interesa duen edonorentzat. Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Caja Laboral-Euskadiko Kutxaren babesarekin, argitaratu dute Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa.

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa http://zthiztegia.elhuyar.org webgunean dago kontsultagai.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago