Teknologia albisteak

Gaur hasiko den Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoak aurreikuspenak gainditu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Kultur Atelier, Bisigua Orio Estilora-ko prentsa-kabinetea
2010-07-15 : 18:07

Aurreko bi urteetan bezala, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren hirugarren edizioan otorduetarako jarritako txartel guztiak saldu dira eta Orioko plazako “jatetxe dotorean” ez da mahai librerik izango. Edozein eratara, ostegunetik igandera bitartean Oriora gerturatzen direnek bertako giroarekin gozatzeko aukera paregabea izango dute.

Orioko Udalak emandako datuen arabera, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikorako jarritako mila txartelak hamar egunetan agortu dira. “Aurreko bi edizioen arrakasta ikusita eta aurtengo edizioan ere txartelak azkar saltzen ari zirela ohartuta, otorduko 25 lagun gehiagori emateko ahalegina egin dugu. Guztira, 1.100 lagunek jango dute bisigua parrillan”, azaldu du Jon Redondo alkateak.

Orioko Turismo Bulegoko arduradunen esanetan, hirugarren edizioan pertsona ugari geratu dira txartela erosi ezinik. “Txartelak agortu direla esatea ez da atsegina. Hala ere, Oriora gerturatzeko gomendioa egiten diegu. Larunbatean Zaharren Babeslekuak eta Orioko Sozietate Gastronomikoek egindako marmitakoa dastatzeko aukera egongo baita. Guztira 1.200 razio banatuko dira. Igandean berriz, Eusko Labelek prestatutako hegaluzea egingo da. Bi egunetan Saizar sagardoa izango da”.

Horretaz gain, aurten nobedade moduan olagarroa zein Galiziako hainbat marisko jateko aukera egongo da herriko plazan, bai eta antxoaren pintxoak jatekoa ere. Stand ezberdinak egongo dira beraz, hainbat produkturen salmenta egiteaz gain, sagardo edota Segurako Taloak dastatzeko parada ere izango da.

Berrikuntzekin jarraituz, larunbat goizean sare-konpontzaileen lana bertatik bertara ikusteko aukera izango da Orioko plazan. Emakume talde bat ariko da sareak konpontzen, arrantza sektorearen parte direla aldarrikatuz.

Oriotarrak eta kanpotarrak
Txartelak oriotarren eta kanpotarren artean erosi dituzte, horrela baieztatu dute Turismo Bulegotik. “Badakigu herritar asko aritu direla beste herrietako lagunentzat txartelak erosten”. Beraz, aurreko bi edizioetan bezala oriotarrez gain, alboko herrietako lagunek zein hainbat atzerritarrek jango dute bisigua orio estilora.

Lehenengo hiru edizioek izan duten arrakasta ikusita, jaiari jarraipena eman nahi zaiola aurreratu du Redondo alkateak. Eskaera guztiei behar bezala erantzuteko ahalmena izatea nahiko luketela azaldu arren, “espazioz mugatuta” daudela adierazi du, baina jende gehiago hartu dezaketen aukera aztertzeko konpromisoa hartu du.

Inaugurazioa ostegunean
Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren hirugarren edizioa datorren ostegunean, hilaren 15ean, hasiko da. Inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 20:30etan izango da. Alkateak Orio Estilora zinta moztuko du, eta dantzarien agurrarekin lehenengo afariak ematen hasiko dira. Ostegunean eta ostiralean, gainera, Orioko Egunsentia Abesbatzaren emanaldiarekin gozatzeko aukera izango da.

Aurreko edizioekin alderatuta parrilleroen artean bada aldaketarik. Andoni Manterolaren -Joxe Mari Erretegia- semea Mikel Manterolak hartuko baitu parte, bere aitari erreleboa eginaz. Berari laguntzen, Luis Mari Uranga –Xixario jatetxea– eta Joxe Mari Zendoia –Katxina jatetxea– egongo dira. Hiruren artean seiehun bisigu inguru erreko dituzte lau egunetan, “gutxi gorabehera kiloko piezak izango dira, hortaz, bostehun kilotik gora erreko ditugu”, azaldu dute parrileroek.

Erreko diren 600 bisiguez gain, jardunaldi gastronomikoak irauten duen bitartean 350 kilo hegaluze, 250 kilo tomate, 35 kilo antxoa (8.000 tira inguru), 50 litro olio eta 15 kilo bara-zuri erabiliko dituzte. Eta bisigua erretzeko, 500 kilo ikatz.

EGITARAUA

• Uztailak 15, osteguna
o 20:30ean Inaugurazio Ekitaldia
o 20:30etatik aurrera Bisigua Orio Estilora Afaria Orioko plazan
o Afalostean Orioko Egunsentia Abesbatzak kantatuko du

• Uztailak 16, ostirala
o 20:30etatik aurrera Bisigua Orio Estilora Afaria Orioko plazan
o Afalostean Orioko Egunsentia Abesbatzak kantatuko du

• Uztailak 17, larunbata
o 12:00etan Orioko Elkarte Gastronomikoen eskutik Marmitako erraldoia 1.200 razio banatuz Orioko plazan.
o 13:30etatik aurrera Bisigua Orio Estilora Bazkaria Orioko plazan
o 15:30etik aurrera txaranga kalez kale
o 20:30etatik aurrera Bisigua Orio Estilora Afaria Orioko plazan

• Uztailak 18, igandea
o 11:30ean III. Ikurriña Orio Estilora Estropada itsasoan.
o 12:00etan Eusko Labelen eskutik Hegaluzea parrillan 1.000 razio.
o 13:30etatik aurrera Bisigua Orio Estilora Bazkaria Orioko plazan
o 15:30etatik aurrera txaranga kalez kale

Bazkaltzera sartzeko ordutegia: 13:30etik 15:00etara
Afaltzera sartzeko ordutegia: 20:30etik 22:00etara


Erantzun

Sartu