Zenbat pertsona izan ziren Bartzelonako manifestazioan?
Mariano Ferrer handiak aspaldi erakutsi zigun manifestazioetara joaten den jendea kontatzea oso erraza dela. Zifren nahastearen gainetik, deigarria egin zait oraingoan nola El Paisek berak dioen 56.000 pertsona izan zirela Bartzelonan.
Miloi bat eta erdi ala 56.000?
Beste medioetan begiratu besterik ez dago, ematen dituzten zifrak ikusteko. Antolatzaileen iturriak edo Bartzelonako udaltzaingoa iturri moduan hartuta, miloi bat, miloi eta erdi eta horrelako zifrak ematen dituzte ABC, El Mundo eta horrelakoek. Inork ez du neurketa metodoaz hitz egiten.
El Paisek aldiz, iturri gisa EFE aipatuz, 56.000 da ematen duen zifra. Baina zifra altua dela esan dute, oso manifestazio gutxitan izaten direlako honelako kopuruak.
Lynce enpresa
Badirudi EFEk Lynce enpresa kontratatu duela neurketa egiteko. Enpresa honek aireko argazkiak erabiltzen ditu batez ere eta gero ordenagailuak eta eskuzko neurketa konbinatuz kalkulatzen du zenbat pertsona joan den manifestazio batetara.
Izan ere sistema zientifiko ugari izango direla iruditzen zait. Ingurune naturaletan animalien populazioak neurtzeko metodoak ikusi izan ditugu dokumentaletan, hegazkinez argazkiak atera eta gero rotuladore batez eskuz kontatzen ikusi izan dugu.
Lynce-ren webgunean beste manifestazio batzuetako datuak ikusi daitezke, baita beste datu iturriekin konparatuta ere ( Manifestaciones ) . Hor ikusten da oso normala dela antolatzaileek zifra errealak 10 edo 50 aldiz biderkatzea.
Erantzunak kargatzen...