Sustatu logoa Teknologia albisteak

Donostiako 2. saihesbide berriko deskontu sistema bihurria

Luistxo Fernandez
2010-07-01 14:07

Sistema berrian, bidaia kopuruaren araberako deskontuena mantentzen da. Nola deskontua bakarrik bidaia jakin batzuetatik aurrera aplikatzen den, hilabete hasieran bidaia motzak pilatzea komeni zaizu, azaldu nuen bezala. Balekoa izaten jarraitzen du taula honek, nahiz eta datuak eguneratu egin beharko lirateke: BEZ zerga igo dute gaurdanik, eta baita tarifen garestitze txiki bat ere. Baina berritasunak ingurabideari dagozkio, edo, Diputazioak darabilen hizkeran, sistema irekiari.

Izatez, zera dago orain Gipuzkoan: sistema itxia, Zarauztik mendebalderantz, eta sistema irekia, Zarauztik ekialderantz, ingurabidea barne. Sistema irekiko ordainlekuak dira Behobia (Irungo langa), Irungo mendebaldea, Oiartzun, Orio, Zarautz (baldin eta Donostiatik edo ekialderagotik bazatoz) eta Zarautz-langa (autopista erdiko ordainleku handia).

Sistema irekian eta ingurabidean, honela aplikatuko da deskontua,

...aipatzen diren ordainlekuen artean, 24 orduko epean, joaneko bidaia bat eta itzulerako beste bat egitea ordainleku beretik, tarteko beste batetik igaro gabe.

Adi, beraz, tarte berdina egin beharra dago bi norabideetan deskontua izateko. Zarauzko langatik pasatuz gero, sistema apur bat desberdina da:

Tratamendu berezia Zarauzko langatik mendebalderantz edo sistema itxirantz doazenek dute. Bidaia horiei murrizketa aplikatu ahal izateko, Zarauzko langako ordainlekutik joaneko bidaia bat eta itzulerako beste bat egin behar da, eta gutxienez kobratzen den bidaia bat eta beste sarrera bat sistema itxiko tarteko ordainleku batetik edo gehiagotatik. (hau ere 24 orduko epean, dena den).

Zalantza batzuk uzten dizkit honek:

  1. Langatik mendebalderantz joanekoa... eta beste norabidean egiten bada joanekoa? lehenago badoa bat mendebaldetik Donostiara? Orduan ere balio du ondoren itzuliz gero? Ez dute espreski aipatzen. Beharbada ez dut ondo ulertu eta sistema irekiko parametroak aplikatzen dira kasu honetan.
  2. Sistema itxiko tarteko ordainlekuak aipatzen dira, baina, ordainlekua barik Araba eta Bizkaiko autopistako mugak zeharkatzen badira AP-1etik Gasteizera abiatzeko edo AP-8tik Bizkairantz, orduan ere aplikatzen da deskontua? Pentsatzen dut baietz, baina nola ez duten argi esaten, ba ezin jakin.

Nolanahi ere, kasu honetan, bederen, ez da bidaiaren joan-etorria berdina izan behar. Ni Donostiatik abiatu naiteke mendebaldera, langatik igaro, eta Zumaian irten, baina itzuleran, ba itzul naiteke Itziartik sartuta AP-8an, gero Zarauzko langatik igarotzeko. Hala ere, 24 orduren tartean egin behar dut itzulera hori, eta Itziartik edo Zumaiatik barik, autopistan Zarautzen sartuko banintz Donostiarantz, deskonturik ez nuke edukiko. Honek, izatez, adi ibiltzera behartzen nau hilabete hasierako nire zig-zag metodoan: egunero egiten ditudan Donostia-Eibar-Donostia bidaietan saiatu behar naiz langatik ez pasatzen. Lehen tartea egin behar dut Donostia-Zarautz, eta langari ixkin eginda sartu berriro autopistan. Itzuleran berdin, Zarautzen irten, eta berriro sartu. 21 bidaia pilatu arte hilabete hasieran...

Informazio publikoa faltan edo propaganda hutsa

Deskontu sistemaren informazioa ez dago ez Gipuzkoa.net webgune instituzionalean ezta autopisten kudeatzaile Bidegirenean. Bidegi.net-en dagoen informazioa, lehengo sistemari dagokiona da, ez dute berritu gaur indarrean sartu denarekin. Azalpena, aldiz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, hemen.

Azalpen moduko bat agertu zen atzo, gaztelaniazko gehigarri publizitario batean Gipuzkoako egunkari erdaldun batean, zeinean iragarle nagusia Diputazioa bera izan den. Ez da ulertzekoa edo onartzekoa, nire ustez, horrela informatzea gipuzkoarrak. Anjel Lertxundik ere komentatu du gehigarri hori obszeno samarra izan dela. Deskontuen inguruko informazioa honelaxe ageri zen gehigarri horretan: Con Telepeaje no hay subida de tarifas. Gezurra da, gainera, tarifak igo egin baitira. Konparatu bitez Aldizkari Ofizialekoak, orain arte zeudenekin, atzo arte indarrean egon direnekin.

Gainerakoan, Diputazioaren garraiobide politikaren laudorio bat izan da gehigarri hori. Arreta deitu zidan La Rotonda de Gipuzkoa, una realidad artikuluak, mapa batekin non Gipuzkoa erdian autobidez osatutako biribil kartografiko bat ageri den (izatez, Zumarraga eta Bergara arteko tartea amaitu barik dago oraindik).


Argazkiak.org | Gipuzkoako errotonda bitxi hori © cc-by-sa: Luistxo.F

Niri atentzioa deitzen dit errotonda horretan Beasaindik (Markel Olano diputatu nagusiaren jaioterritik) irteten diren adar guztiek doako autobidea dutela norabide guztietan. Eibar-Maltzagatik ostera, ordainpeko autopista tokatzen da beti. Zorte txarra izango da gero!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu