Tourra eta Sustatuko "tropeltxoa"
Mundialarekin nahikoa ez, eta asteburuan Frantziako Tourra hasiko zaigu! Aurten ere Tropela.net webgunean porra egiteko aukera izango duzue, urtero bezala. Eta nahi izanez gero, Sustatuzaleon artean ere lehiaketa egiteko aukera daukagu, Sustatu tropeltxoa martxan dago eta. Animatu eta eman izena! Larunbateko 16.00ak arte dago astia, baina ez gehiago! Irabazleak sari txiki bat ere izango du.

Argazkiak.org | Tropela.net © cc-by-sa: asarasua
Tropela Elkartea 2005ko martxoan osatu zen, teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko asmoz. Elkarte horren lana da Tropela.net webgunea, txirrindularitzaren inguruko lehiaketak (porrak) sortzeko plataforma. Tourrean ez ezik, Vueltan eta Giroan ere parte hartu daiteke.
Urtetik urtera parte-hartzaileen kopurua gora joan da. Tropela.net, beraz, aitzindari ez ezik, erreferentzia ere bada euskarazko Interneteko produktu eta lehiaketen alorrean.
Sustatuzaleok ere parte hartu izan dugu Tropela.net-eko lehiaketetan eta aurten ere hantxe izango gara. Eta hementxe gonbidapena Sustatuzale guztioi: egin zure porra eta erakutsi zu zarela Sustatuzaleon artean nagusi!
Parte hartzea doakoa da eta oso-oso erraza:
- Tropela.net webgunean izena eman (ez baduzu honezkero eman, jakina)
- Zure faboritoen kiniela bete.
- Behin kiniela bete ondoren, Sustatuko tropeltxoan izena eman. Tropel irekia da; ez duzu ezer berezirik egin beharko.
Larunbatean hasiko da Tourra. Aurten, 97. edizioa. 20 etapa eta prologoa, 3642 km, 52 erlojuaren aurka, 25 mendi handi eta dozenaka txiki, pabesa, 22 talde eta 198 txirrindulari,....
Uztailaren 25ean ikusiko dugu nor nagusitu den. Bai Parisen... eta bai Sustatun!
Irabazleak sari txiki bat ere izango du.
Erantzunak kargatzen...