Teknologia albisteak

Estatutuaren kontrako ebazpenak aro politiko berria ireki du Katalunian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-06-29 : 13:06

Atzo arratsaldez jakinarazitako Kataluniako Estatutuaren inkonstituzionaltasun epaiak hautsak harrotu ditu Katalunian. Ebazpena (PDF) oso laburra da, baina puntu batzuk ezabatzen ditu Estatutu proiektutik, eta beste mordo bat baldintzatzen ditu, konstituzionaltzat joz, baldin eta aurrerago jakinaraziko diren murriztapenekin ulertzen diren. Vilawebek analisi sakona eta izenburu esanguratsua dauka: Estatutuaren kontrako ebazpenak aro politiko berria ireki du Katalunian.

Sententziak zenbait puntu salbatzen ditu, itxuraz bederen, formula berezi batekin:

No son inconstitucionales, siempre que se interpreten en los términos establecidos en el correspondiente fundamento jurídico...

Uler daiteke, Estatutuak dioena balekoa dela, baldin eta gero etorriko den "oinarri juridikoen" dokumentuan zehazten diren terminoetan ulertzen den testua... Irakurketa murriztailea dirudi, baina murriztapena norainokoa izango den ez dakigu oraindik. Sententzia aurrerapena omen da eta "oinarrien" testu luzeago hori kaleratzen denean jakingo dugu, nonbait.

Idazkera berezi horrekin onartuta baina koloka geratu diren kontuetan hizkuntzari dagozkion zenbait daude:

  • Herritarrek Estatuko organo jurisdikzionalekin eta konstituzionalekin katalanez komunikatzeko duten eskubidea.
  • Zerbitzu eta produktuen kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa, herritarrek ahoz zein idatziz katalanez artatuak izateko duten eskubidea.
  • Unibertsitate ikasketak katalanez jasotzeko eskubidea.
  • Generalitateak, erakunde eta enpresa publikoek, elkarren artean zein barne-komunikazioetan katalanez egiteko erabakia.
  • Etorkinen integraziorako "hizkuntza komuna" katalana dela dio Estatutuak, eta hau ere koloka geratu da; izatez, inmigrazioari dagozkion eskumen guztiekin batera.

Hizkuntzari dagokion beste puntu bat, zalantzan utzi barik, kendu egin dute Estatututik: Administrazioaren erabilerako hizkuntza normal eta lehenetsia katalana zen Estatutuan. "Lehenetsia" kentzeko agindu du Auzitegi Konstituzionalak. Aldiz, beste puntu garrantzitsu bat, Hezkuntza sistemako hizkuntza nagusia katalana dela ebazten duena, konstituzionaltzat jo dute.

Hizkuntzaz aparteko puntuetan, Kataluniako Justizia administrazioari dagozkion artikuluak inkonstituzionaltzat jo dituzte. Tarteko egoera zalantzatsuan geratu da, aldizm Kataluniako lurralde-egitura administratibo berria, Vegueria deritzen eskualdeena. Eta, bestetik, Estatutuaren atarikoan dagoen Kataluniaren nazio izaeraren aipua, bere horretan utzi da, baina gogorakizuna lagata balio juridikorik ez duela horrek.

Erantzun

Sartu