Teknologia albisteak

Ostalaritza euskaraz ikastaroa on line eta doan

Erabiltzailearen aurpegia
Iberba
2010-06-30 : 18:06

Gero eta gehiago dira zerbitzua euskaraz ere eman nahi duten ostalariak. Helburu hori lortzen laguntzeko, on line ikastaro bat sortu berria da, oinarrizko esamolde eta terminologia euskaraz nolakoak diren ikasteko.

Ikastaroa euskaraz ezer ez dakiten edo maila baxua duten pertsonei zuzenduta dago batetik eta ostalaritza arloan euskara ia inoiz erabili ez duten euskaldunei bestetik.

Ikastaroaren izena Ostalaritzan euskaraz da eta doan eskaintzen da honako helbidean izena alta eman ondoren (info@iberba.ws).

Ikastaroa antolatzean ostalaritzako 8 alderdi nagusi hauek kontuan hartu dira eta, horien arabera jarri dira gaiak: Harrera, Edariak, Pintxo eta anoak, Ogitartekoak, Menuak, Prezioak, Tresnak eta Errotulazioa.

Zortzi gai hauetako bakoitzean Teoria, Ariketak eta Ebaluazio bana dago. Lehenengoan gairi buruzko hainbat adierazpen, egitura eta kontzeptuen berri ematen da.

Ariketen atalean, azaldutakoa lantzeko ariketak daude, besteak beste, itzulpenak, sinonimoak, egoeraren araberako adierazpen egokiak...

Bukatzeko, azalpenean zein ariketetan ikasitakoa frogatzeko Ebaluazioa dago.

Esan beharra dago, ikastaroa erabilerari begira dagoela eta erabiltzen diren adierazpide ohikoen berri ere ematen dela. Gainera euskara ondo dakiten zein erdi ipurdi dakitenek egin dezakete, ikastaroa euskara hutsean eta elebitan egiteko aukera baitago.

Erabiltzaileek zalantzak edukiz gero, ikastaroaren teknikariari kontsultak egiteko eskaintza ematen da eta horren bidez, ostalariari gaiarekin-edo suerta dakizkiokeen zalantzak argitzeko aukera dago ere.

Iberba

Erantzun

Sartu