Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sustatu "orrialdea" izango da aurrerantzean Facebooken, eta ez "adiskide" bat

Sustatu
2010-06-23 14:06

Sustatuk orain arte pertsonalitate bikoitza izan du Facebook-en. Zaletuen orri bat geneukan, baina profil pertsonala ere sortua geneukan, Sustatu Adiskidea. Bigarren profil horrek lagun edo jarraitzaile gehiago egin ditu, eta izatez, zaletuekin kontaktuan egoteko erraztasun batzuk eskaintzen dizkio webgune, talde edo erakunde bati. Euskal Herrian (eta kanpoan ere bai noski), talde edo erakunde asko dira profil pertsonala dutenak. Hala ere, profil pertsonal hori ezabatzea erabaki dugu: Sustatu Adiskideak bere buruaz beste egingo du uztailaren 1ean. Hiletarekin batera, migrazio eguna antolatu dugu, adiskide izan zaretenoi, gonbidatzen zaituztegu Sustatu.com orriaren jarraitzaile izatera.

Zergatik suizidio eta migrazio hau:

  • Batetik, erakunde baten izenean orri pertsonala izatea Facebook-eko arauen kontra doa. Zerbitzuaren arauak ez bazaizkizu gustatzen, onena da zerbitzua ez erabiltzea eta Facebook-i agur esatea; baina arauak bihurritzea: arriskuan zaude sortu duzun komunitatea egun batetik bestera galtzeko, eta hori gertatutakoan, kexatzeko eskubiderik ere ez.
  • Profil pertsonaletik adiskide izan zaretenon profiletara sartzen ahal gara. Mezu trukeak eta komunikazioa erraztu digu horrek, baina beste alde batetik, pertsonala edo pribatua izan daitekeen informaziora sarbidea daukagu. Sustatu editatzen dugunak zintzo jokatu dugula esan diezaizukegu, baina are seguruagoa eta zintzoagoa da aukera hori eskura ez izatea.
  • Orrialdeen kudeaketa ereduak hobekuntzak izan ditu Facebook-en. Profil pertsonaletara sartu gabe, erabiltzaileen estatistika orokorrak lortzen dira (adin taldeen arabera, adibidez), eta marketin aldetik abantaila hauek areagotu daitezkeela uste dugu. Webgune baten kasuan, gunerako trafikoa monitorizatu eta areagotzeko bideak ugalduko direla uste dugu.

Zergatik ez dugu lehenago egin?

  • Erosoa zen, eta gure albisteak jarraitzaileen profiletan agertzeko modurik eraginkorrena zen. 2009an, honekin hasi ginenean, orrialde batek besteen profiletan agertzeko zeuzkan aukerak oso murritzak ziren.
  • Adiskideak egiteko politika zurrun batekin egin dugu aurrera, iristen ziren eskaerak baieztatu izan ditugu (ez denak), eta oso gutxitan eskatu diogu inori adiskide egiteko. Intrusiboak ez izaten saiatu gara eta spam ez egiten.
  • Nola egin eta komunikatu tentu apur batekin pentsatu dugu.

Nola egin migrazioa

  • Kendu Sustatu Adiskidea: profil pertsonala; ezabatzekoa. Facebook.com/sustatucom da helbidea, eta ikonoa du une honetan pantaila-irudi bat, bi aurpegirekin. Orri honek funtzionatzeari utziko dio, baina nahi baduzu, eten dezakezu jada adiskidetasuna, sar zaitez orrian, eta ezkerreko aukeretan Lagunen artetik kendu klikatu.
  • Gehitu Sustatu.com, orrialde gisako presentzia. Hemendik aurrera garatuko dugun bakarra. Facebook.com/sustatu da helbidea eta ikonoa du gure kolore berdearekin osatutako irudi bat. Sartu orrian, eta ez bazara jarraitzaile, izenburuaren ondoan Atsegin Dut aukera izango duzu bistan. Hor klikatu, eta listo. Dagoeneko jarraitzaile bazara, aukera izango duzu jada gure horman mezu bat uzteko.

Ez bazara jarraitzaile, honela ikusiko duzu Sustatu.com orrialdea.


Argazkiak.org | Sustatu.com orrialdea Facebooken © cc-by-sa: sustatu

Bat egiteko, Atsegin dut klikatu behar duzu. Ondoren, Sustaturen horman mezuak uzteko aukera ere izango duzu, honela ikusiko duzu:


Argazkiak.org | Sustatu.com orrialdea facebooken © cc-by-sa: sustatu

  • Data bat jarri dugu, uztailak 1, migraziorako, eta gertakari bat antolatu dugu horrekin Facebooken. Kontuaren gainean arreta deitzeko da, ez besterik. Hori baino lehenago egin daiteke migrazioa, eta ondoren ere, Adiskidearen profila hor geratuko da egun batzuetan, baina kasurik ez diogu egingo eta halako batean ezabatu egingo dugu besterik gabe.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu