Teknologia albisteak
3

Jo ezak behin eta berriro, Sam

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-06-24 : 10:06

Ematen du musikari batzuk beti kantu bera jotzen dutela, alegia, pieza desberdina izan arren, doinu eta hitz berberak erabiltzen dituztela behin eta berriro. Esate baterako, iruditzen zait hainbeste jarraitzaile dituen Doctor Deseo taldea beti dabilela bueltaka "espejo", "noche" edo "pasión" (ispilua, gaua, pasioa) moduko hitzekin.


Argazkiak.org | Doctor Deseo hitz-lainoa © cc-by-sa: goioarana

Aurretik doa esatea errepikapena ez dela derrigorrez ezaugarri txarra, gakoa da, jakina, eten gabe botatzen den hori gustukoa den ala ez. Gainera, segurutik, denok antzeko zerbait egin ohi dugu gure jardunetan.

Baina horrela ote da ala, esan bezala, norberaren gustuaren araberako sentsazioa izango da errepikapenarena? Zalantzak argitu nahian aipatutako talde bizkaitarraren hitzen gaineko azterketa txiki bat egin dut.

Hasteko, Musikazblai webguneak eskaintzen dituen Doctor Deseoren 52 kantuen testuak hartu eta nik talde horrekin lotzen ditudan hitz jakin batzuk abestietan zenbat aldiz errepikatzen diren zenbatu ditut. Hona hemen emaitza:

  • Noche (gaua): 75 aldiz.
  • Sueño (ametsa): 36 aldiz.
  • Cuerpo (gorputza): 25 aldiz.
  • Amor (amodioa): 23 aldiz.
  • Niña (neska): 15 aldiz.
  • Deseo (desioa): 9 aldiz.
  • Beso (laztana): 9 aldiz.

Gerora, gogoratu dut badagoela sarean Wordle izeneko webgune bat non hitz-lainoen erara erakusten duten testu batean gehien errepikatzen diren hitzak (tresna hori baliatu dute, adibidez, azaltzeko modu grafikoan AEBetako presidenteek kargu hartze hitzaldietan gehien erabili izan dituzten hitzak).

Bada, bota dut Wordle-ra Doctor Deseoren kantuen hitzak eta horrelako lainoa sortu du, goian itsatsi dudana.

Ikusten den moduan, badira hitz batzuk besteengandik dezente nabarmentzen direnak: asko erabiltzen diren seinale. Gainera, badago hitz bat horien guztien artean argi nagusitzen dena: "noche" (gaua).

Lainoan garaitu diren hitz horietan egongo ote da Doctor Deseoren arrakastaren funtsa? Hor ote da taldearen muina? Hori egiaztatu ahal izateko beste ariketa bat egin dut: lainoaren hitz nabarmenenak erabilita, saiatu sortzen taldearen abesti guztiak sintetizatu lukeen lerro parea. Kantuak, nola ez, Noche izango luke izena -doinua zuon kontura- eta hurrengo lelo posible hau:

Ahora, esta noche niña, el cielo: tu cuerpo, sueños, besos, deseo... y luces de silencio en tus ojos. (Orain, gauean, maitea, zerua: zure gorputza, ametsak, laztanak, desioa... eta zure begietan isiltasunaren argiak). Horra hor, %100 Doctor Deseo testu bat!

Joko hori edozein musikariarekin egin daiteke, baina beti ez da hain erraza. Pop-rock taldea alde batera utzi eta bakarlari batera etorrita, hemen duzue Mikel Laboaren 59 abestirekin sortutako hitz-lainoa.


Argazkiak.org | Mikel Laboa hitz-lainoa © cc-by-sa: goioarana

Beheko bertsio ilunean kenduta daude "eta" edo "ez" moduko zenbait hitz informazio "gutxi" eskaintzen dutelako. Ikusiko duzuenez, errepikapen faltak hitzen tamainen aldea txikitzen du eta, gainetik, zaildu egiten du aurkitzea kantuen "esentzia".


Argazkiak.org | Mikel Laboa hitz-lainoa © cc-by-sa: goioarana

Hitz horien guztien artean Laboaren kantuen "muina" bilatzen animatuko denik?

Erantzunak

Ezkutuan
2010-06-24 : 12:05

Badakit gauza hauek subjetiboak direla, kar kar!, baina Mikel Laboaren hodei horretan "ETA EZ" jartzen du!! Oso mezu egokia garai hauetarako, ezta?

aitzol
2010-06-25 : 00:49

Adierazpen erregularrak erabiliz, erraza da testu bateko hitzen maiztasunak kalkulatzea. Hona, perl-ekin egindakoa: Hitzen maiztasuna


Emaitza ez da horren ikusgarria, baina bai zehatza.


Amonamantangorri
2010-06-29 : 17:19

Laboaren lainoan juntagailuak (eta, ala), izenordainak (ene, zure), aditzak,... Enfin. Igual gehiago orraztu behar litzateke laino hori...

Erantzun

Sartu