Sustatu logoa Teknologia albisteak

San Ferminetako mikroipuin lehiaketako 2. saria euskarazko ipuin batentzat

Riki Idiakez
2010-06-20 10:06

ISILTASUNA

Etengabeko burrunbak bizi gaitu egunotan. Lau egunean amaigabeko festa-zirimola. Lau egun, lau gau, lau entzierro, lau korrikaldi.... Edariak, izotza, merienda... hartu eta bagoaz zezen-plazara bidean. Bakerias txarangari irria eta festa dario, baina gaurkoa ez da ohiko doinua. Ate bat igaro, bestea ere bai, eta barruan gaude jada. Tendido Sieten gure betiko lekua hartuta, lehertzear dago lapikoa. Eguzkiak gogor jotzen du... Jandilla etxeko zezenak ditugu uztailaren 10 honetan. Badakit ondo, bai; gaur goizean euren artean ibili naiz eskapoan. Gaur goizeko korrikaldiko imajinak hartu du nire gogoa.

-Capuchino deabru gorria; zeure begirada izuarekin igaro nauzu ziztuan; odolak soilik ase ahal zuen zure grina... Eta patuak Daniel jarri du zure adarrartean...-

Plazan gauden arima oro tente jarri gara bat-batean. Los Incansables-ekoen El Silencio melodiak festa-urruma zurgatu du instantean. Minutu bat iraun du isilaldiak, eternitatearen aldeko harrabotsa bailitzan. Hitzik ez, xuxurlarik ez...; gorputz-enborrak eta ileak zut, zurrun. Inor ez da ausartzen errespetuaren ereserkia hausten. Heriotzak dolua gorde nahi dio bizitzari. Melodia mutuak Danielen irudia marraztu du. Txalo-zaparrada batek mundutartu gaitu zapidunok, gomuta batek eta berak gure arimak ziztatu dituen heinean: isiltasunak soilik lortu du 20.000 nafarrok behingoz ados jartzea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu