Teknologia albisteak

Mugitu! Mugimendua: AHTren aurka desobeditzen

Erabiltzailearen aurpegia
Mugitu! Mugimendua
2010-06-11 : 14:06

AHTri desobedientzia zibilaren bitartez aurre egiteko Mugitu! Mugimendua sortu da. Desobedientzia ekintza batean egin da aurkezpena. Gaur goizeko 10:30etatik aurrera, Abiadura Handiko Trena gelditzeko Desobedientzia Zibileko ekintza egin dugu Donostian Gipuzkoako Ogasun (Hacienda) Ordezkaritzaren bulegoetan. Horrekin batera AHT gelditzea helburu duen Desobedientzia Zibileko Mugitu! Mugimendua, M!M, aurkeztu da.

Goizeko 10:30eta sei lagun Ogasun bulegoetara sartu eta bertako altzari batzutan euren buruak lotuz protestari hasiera eman diote, euren soinetan arlo sozialeko murrizketak salatu eta AHT eta azpiegitura handien xahuketak salatzen dituzten sandwichak soinean jantzita, eta eskuetan gastu sozialen errekorteak irudikatzen zituzten guraixe handiak eskuetan hartuta.

Kantuka eta AHT eta bestelako lan azpiegitura handietan erakundeek egiten ari diren gastu itzelak banan gabonetako loteriako umeak bezala kantatu dituzte:

  • “Plan Estrategico de Infraestructuras de Trasnsporte del Ministerio de Fomentooo, doscientos cincuenta miil milloneees de eeeuroos!!”,
  • “Y griega vasca del tren de Alta Velocidaad, seis mil milloneees dee eeeuroos!!”,...

Bulego barruan protestak iraun duen 40 minututan Errenta Aitorpena egiten ari ziren hainbat herritarrek oneritzia adierazi eta txalo egin diete ekintzaileei, erresistentzia ekintza ertzaintzak eten eta aurkariak kaleratu dituenean.

Bitartean kalean hogei bat lagunek pankarta bi atera dituzte “Txikiziorako diru gehiagorik ez!”, “AHTri desobeditu!, Mugitu! Mugimendua”. Buzo zuriekin jantzitako 5 pertsonek AHTren gastua osasun, gizarte, hezkuntza eta kultura arloko gastuak baino asko handiagoa dela ikustarazten zuten.

Ertzaintzako furgonetak hurbildu dira baina izkanbilarik gabe amaitu da gaurko ekintza, ogasunera hurbilduriko herritarren begirada harrituaren aurrean.

Gaurko ekintza honekin AHT gelditzeko Desobedientzia Zibileko ekintzak egitera deitu nahi izan da, Mugitu! Mugimenduaren (M!M) irizpideetan oinarriturik.

M!Mren oinarriak azaltzen dituen orria hemen duzue bi hizkuntzatan eta beherago ere itsatsi dugu testua.

Gaurko ekintza Ogasunean egin izana azaltzen duen komunikatua lotura honetan dago.

Gaurko desobedientzia ekintzaren argazki gehiago erantsita weborrian daude

Bihar beste ekimen bat

Bihar larunbatean, ekainaren 12a, Bilbon desobedientzia kanpaina masibo eta partehartzaile bati hasiera emango zaiola iragartzen dizuegu. Ekimen honen abiapuntua goizeko 11:15tan izango da Bilboko Gran Vian, Urkixo Zumardiarekin daukan bidegurutzean.

Eta poztuko gara bertaratzen bazarete horren berri emateko.

Mugitu! Mugimendua (M!M)

http://mugitu.blogspot.com

MUGITU!MUGIMENDUAREN OINARRIAK

  1. M!Mugimenduak helburutzat ditu AHT proiektuaren inposaketari aurre egitea eta jendartean garraio eta gizarte ereduaren inguruko benetako eztabaida ematea, hala nola, herrien erabakitzeko ahalmena errespetatua izan dadin lortzea.
  1. M!Mugimendua arestian aipaturiko helburuetan eta filosofia zehatz batean oinarritzen da eta hauek lortzeko tresna zehatzak erabiltzen ditu: desobedientzia zibilarenak.
  2. M!Mugimendua ez da erakunde bat. Egoitzik eta egitura zehatzik ez duen eta buruzagirik edo arduradunik onartzen ez duen mugimendua da.
  3. Edozeinek erabil dezake M!Mren logo eta izena, baldin eta irizpide zehatz hauekin egiten badu:
  4. M!Mren izenpean egiten diren ekintza guztiak bortizkeriarik gabe eginen dira ezinbestean.
  5. M!Mren izenpean egiten diren ekintza guztiak agerikoak izanen dira eta hauen erantzukizuna bere gain hartuko dute ekintzaileek.
  6. M!Mren izenpean egiten diren ekintza guztiak konpromiso sozial eta pertsonal koherente batean oinarriturik egonen dira, honek, batzuetan legeak urratzea ekar dezakeen arren.
  7. Ekintza bakoitzaren ardura guztia ekintza bera egiten duen pertsonak hartuko du.
  8. M!Mugimendua ez dator inor ordezkatzeko asmoarekin. AHTren aurkako borrokan ideiak eta ildoak zabaltzera heldu da, guztion artean eta bakoitzak bere esparrutik, AHT gelditzeko.

Erantzun

Sartu