Udan euskaraz gozatzeko beste aukera bat: mintzapraktika baserrietan
Programa uztaila, abuztua eta irailean jarriko da martxan. EHNEk prest du jadanik parte hartuko duten baserri eta baserritarren zerrenda eta, beraz, orain horietan aritzeko gogoa duten mintzalagun edo berbalagunak bilatzea besterik ez da falta. Boluntario horiek, dohainik eman dezakete izena, eta baserrira bitarteko garraio gastuak ere ordaindu egingo zaizkie.
Mintzapraktika programetan bezalaxe, parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da honetan ere: aldi bateko egonaldian, egun zehatzetan, ordukako egutegian, behin, aldiro... Bakoitzak duen parte hartzeko aukeraren arabera, hain zuzen ere. Izan ere, antolatzaileek programan parte hartu nahi duten guztiek horretarako aukera izatea nahi dute, eta hori dela eta proposamena ahalik eta malguena egin nahi izan dute.
Euskara praktikatzeaz gain, baserri giroa ezagutzeko aukera bikaina da! Hain zuzen ere programarekin hasi aurretik, EHNEk formazio saio xumea eskainiko die parte hartzaileei, baserriko lanaren oinarri-oinarrizko tekniken berri izan dezaten. Urbanita hutsa izatea ere ez da eragozpena, beraz!
Parte hartu edo informazio gehiago nahi? Zalantzak argitzeko, Topagunearekin harremanetan jartzea baino ez dago, email zein telefono bidez (948 13 26 93). Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da. Topaguneak eta EHNEk proiektu pilotu honekin ilusionaturik daude hain zuzen ere aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko bideak eta aukerak irudikatu dituztelako.
Mintzapraktika egitasmoak; Mintza Eguna
Guztira, hiru mila lagunek hartzen dute parte Euskal Herri osoko 60 herri eta eskualdetan martxan dauden Mintzapraktika programetan.
Haietako asko ekainaren 6an bildu ziren Arrasaten, Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatu eta ikasturteari jai giroko amaiera emateko.
Erantzunak kargatzen...