Teknologia albisteak

Hitzezko Paisaiak

Erabiltzailearen aurpegia
audiolab
2010-06-12 : 12:06

Hitzezko paisaiak: Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Iturbe, Antton Erkizia. Lau idazle, lau soinuzko grabaketa entzuten. Entzuten entzuten bezala, edo idazten entzuten. Nahi bezala. Sartu eta entzun zuk ere.

Samuel Butler-ek zioen musika, literatura, arkitektura eta orokorrean gizakion sorkuntza oro dela, sortzen duenaren (auto)portreta. Literatura edo musika lan oro dela hortaz norberaren ispilu, norberaren izaeraren inprimazio modukoa. Logika horri jarraituz, gureak ez diren soinuak biltzen, erregistratzen edo gordetzen ditugunean ere nolabait gure entzumenak, entzukerak, islatzen ditugula pentsa behar genuke, eta modu horretan sortzen ditugula ustez neutroak diruditen baina benetan subjetibotasunez beteriko soinu paisaiak.

Gogoeta horrek bultzatuta, identitate-nortasun joku bat proposatu dugu: gure entzumenak biltzen dituzten soinuzko erretrato horiek gureak ez diren bertze hitzekin jantzi nahi izan ditugu; edo nahiago bada, gure autoportreta moduko horiek gainetik marrazteko eskatu diegu beste zenbaiti. Soinumapa artxibotik lau grabaketa aukeratu eta erdi-anonimoki lau idazleri eman dizkiegu, hain zuzen Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Iturbe eta Antton Erkiziari (saioan agertzen diren ordenean), beraien entzumena, beren burua, hitzen bidez, ahots bidez gainean inprima dezaten. Soinu paisaien hitzezko ikusmira moduko batzuk, edo zuzenean entzuteko hitzezko paisaiak.

HOTS! Soinu Paisai Irratia soilik webgunean oinarritutako podcast irratia da, hilean sorkuntza saio berri bat argitaratzen duena. HOTS!en helburua soinu paisaien ideia ahal eta zentzu zabalenean lantzen duten eta honenganako hurbilketa eta ikuspegi ezberdinak erakusten dituzten izaera desberdineko soinuzko lan zenbait erakustera ematea da.

Artxiboak, elkarrizketak, soinuzko dokumentariak, soinuzko postalak edo bestelako soinuzko konposizioak topatuko dituzu irrati honetan.

Orain arte, alor ezberdineko hainbat artistak hartu du parte egitasmo honetan, halanola Alex Mendizabal, Yannick Dauby, Robin Martin & Allen Ginsberg, Iñigo Telletxea, Luca Miti, Oier Iruretagoiena, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe, Iban Urizar, Xabier Erkizia, Jabier Elorriaga, Ismael Manterola, Oier Etxeberria, Isabel Herguera, Mikel R. Nieto, Francisco López...

HOTS! Arteleku Audiolab-en egitasmoa da, SOINUMAPA.NET Euskal Herriko Soinu Maparen ondorioz sortutakoa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago